Bost mundu-estreinaldik osatzen dute Culinary Cinema saila

0
PRUEBA

Bost mundu-estreinaldik osatuko dute Culinary Zinema saila, Zinemaldiaren 70. edizio honetan Mibu. La luna en un plato Mibu. The Moon on a Dish filmak –jatetxe japoniar ospetsua sakonki ezagutzea ahalbidetzen duenak– inauguratuko duena. Virgilio filmak –Limako Central jatetxeko sukaldariaren erretratuak– saila itxiko du. Sailak, halaber, hirugarren dokumental bat –La Huella, hondartzako ostatu baten historia– eta bi fikzio –Xiao shan he eta Tsuchi wo kurau junikagetsu / The Zen Diary– ere bilduko ditu.

Culinary Zinema, emanaldiekin zerikusia duten bost afari tematiko ere barne hartuko dituena, gaur goizean aurkeztu dute Basque Culinary Centerren zuzendari Joxe Mari Aizegak eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak.

Roger Zanuy (Bartzelona, 1978) antzerki-aktore eta -ekoizleak Mibu. La luna en un plato egin du debuta zuzendari gisa. Mibu jatetxearen historia eta inspirazio-iturriak azaltzen dizkigu filmak, munduko sukaldari handi ugari –dokumentalean agertzen direnak, hala nola Ferran Adrià, José Andrés, Massimo Bottura, Joan Roca, Andoni Luis Aduriz, Oriol Castro eta Albert Raurich– hunkitu dituen tenplu gastronomikoa izaki.

Alfred Oliveri (Buenos Aires, 1969) jada izan da Culinary Zinema saileanTegui: un asunto de familia (2018) bere lehen lana eta La leyenda de Don Julio: Corazón & Hueso (2019) filma aurkezten, eta Virgilio Martínez sukaldariarenganako hurbilketa dokumental batekin itzuliko da oraingoan, kontatzeko haren jatetxea, Central izenekoa eta Liman (Peru) kokatua, hamarkadako onentzat jotzen dela Latinoamerikan eta 2022an munduko bigarren onentzat jo dela The World’s 50 Best Restaurants zerrendan.

La Huella, historia de un parador de playa lanean, Argentinan bizi den Alessio Rigo de Righi errealizadore italiar-amerikarrak (Jackson, Mississippi, 1986) Uruguaiko herri txiki batera eraman zuen kamera. Han, duela 20 urte, hiru lagunek 50eko hamarkadako hondartza-ostatu bat eraikitzeko erronka onartu zuten.

Peng Chen (Shenzhen, 1968) zuzendari eta gidoilari txinatarrak bere bigarren film luzea, Xiao shan he (Nostalgia), erakutsiko du. Fikziozko film horretan sukaldaritzak eta janariak eginkizun garrantzitsua dute protagonistaren –bere jaioterrira itzuli eta amona eta haurtzaroko lagunekin elkartuko den neska gazte baten– bitartez.

Azkenik, Yuji Nakae (Kioto, 1960) zinemagile japoniarraren fikziozko lan berria Tsuchi wo kurau junikagetsu The Zen Diary da. Filmeko protagonista mendian bakarrik bizi den eta janaria berak lantzen dituen barazkiekin eta muinoetan biltzen dituen perretxikoekin prestatzen duen idazle bat da; hala, naturan bizitzeak zer esan nahi duen gogoraraziko digu egileak, baita lurrak zer usain duen eta bizitza zein aberatsa den ere.

Culinary Zinema sailak Nespresso du babesle.

AFARI TEMATIKOAK

Culinary Zinema saileko bost film luzeekin batera, afari tematikoak antolatuko dira, zehazki, irailaren 19tik 23ra Basque Culinary Centerren; afari horien ezaugarri komuna sukaldaritza-helmugetarako bidaiak izango dira: Uruguai, Txina, Japonia eta Peru. Emanaldietarako eta afarietarako baterako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai, 10:00etan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez, eta 80 euroko prezioa izango dute. Soilik pelikulak ikusteko sarrerak irailaren 11tik aurrera jarriko dira salgai eta 8,25 euro balioko dute.

Irailaren 19an Mibu: La luna en un plato filmarekin –Ishida senar-emazteak eta Mibu jatetxea (munduko esklusiboenetako bat) aurkezten dituen dokumentalarekin– lotutako inaugurazio-afari batekin hasiko dira Culinary Zinemaren afari tematikoak. Horretarako, Albert Raurich sukaldariak –Michelin izar bat duen Dos Palillos (Bartzelona) eta Dos Pebrots (Bartzelona) jatetxeen jabeak– Ishida senar-emazteen antzinako sukaldaritza omentzen duen esperientzia gastronomiko bat eskainiko du.

Irailaren 20ko gaualdiak Uruguaiko gastronomiara eramango gaitu Parador La Huella establezimenduaren lantaldearen eskutik; hala, jatetxearen historiaren, ibilbidearen eta ingurunearen berri emango digute. Vanessa Gonzálezek –establezimenduaren sukaldari exekutiboak– eta Andrés Viñalesek –parrillaren buru den sukaldariak– diseinatutako afariak La Huellak eskaintzen duen esperientzia gastronomikoa irudikatuko du, koktel-formatuan; zehazki, tokiko gastronomian oinarritutako errezetak eskaintzen dira La Huellan, proposamen benetako eta garaikide bat mahaikideentzat, eta horrek agerian uzten du zergatik jotzen den La Huella Latinoamerikako jatetxe onenetakotzat.

Hilaren 21ean Tsuchi wo kurau junikagetsu / The Zen Diary filmaren osagarri gisa egingo den afaria Naoyuki Haginoya chefak eskainiko du. Nomo Taldeko zuzendari gastronomikoak Estatuko hainbat jatetxetan parte hartzen du eta bere sorkuntza zirraragarrietan Japoniako milaka urteko gastronomiaren osagaiak eta Espainiako tradizioko platerak nahasten ditu, betiere honako baldintza honekin: iragana errespetatuz eta oraina​ urratuz jokatzea.

Xiao shan he (Nostalgia) filmaren emanaldia dela-eta, irailaren 22an Chila jatetxearen txanda izango da (Madril eta Bartzelona). Yinfeng Tangek eta Sanhuai Yu chef exekutiboak esperientzia gastronomiko bat eskainiko dute, Txinako zortzi sukaldaritza-tradizio handienetako bat deskubrituko duen esperientzia bat, hain justu: Hunan probintziako sukaldaritza. Sukaldariaren platerek Hunango gastronomiara eramango dute zuzenean mahaikidea, tradizioa eta diseinua usain eta zaporez aberats diren plater burutsu eta zirraragarriekin konbinatuz.

Azkenik, irailaren 23an, Virgilio Martinezek amaiera emango dio Culinary Zinemaren aurtengo edizioari, esperientzia gastronomiko bikaina eskainiz. 2022ko The World’s 50 Best zerrendaren arabera munduko bigarren jatetxerik onena den Central jatetxeko chefak bere proposamen gastronomikoa sinbolizatzen duen esperientzia bat diseinatuko du. Berrikuntzan eta esplorazioan zentratutako ikuspegi batean funtsatuta egongo den afariak Peruko ekosistema aberasgarri eta askotarikoa islatuko du, Virgilioren ibilbide eta hazkunde profesionalaren isla gisa.

Aurten, gainera, Culinary ohiko formatura itzuli eta hamar mahaikide izango ditu mahai bakoitzeko, esperientzia aberastuko duten elkarrizketak bultzatzeko. Basque Culinary Centerreko irakasle eta ikasleek afari guztietan parte hartzen dute, nola sukaldean hala aretoan lagunduz.


Venta de entradas