Donostia Zinemaldiko Industria Departamentuak Serbiari eskaini dio bere ‘Focus on’ ekimena

0

Donostia Zinemaldiko Industria Departamentuak 2014tik antolatzen du bere Focus on ekimena, non herrialde, eskualde edo lurralde batetik etorritako profesionalen lantalde bat Donostia Zinemaldira etortzen den, harreman-sarea zabaltzeko eta industria-jardueretan parte hartzeko.

Aurten, Film Center Serbia erakundearekin izandako lankidetzari esker, Serbiako sei ekoizlek Donostian bazkideak aurkitzeko aukera izango dute euren proiektuetarako, Europako eta Latinoamerikako beste eskualde eta herrialde batzuekin batera ekoizteko aukerak zabaltze aldera.

Juan Batista Stagnoraren El camino del sur / Journey to the South (1988) Serbia eta Argentinaren arteko lehen koprodukzioa izan zen. Ia 35 urte geroago, Film Center Serbiak bere zerga-pizgarrien eta ekoizpenerako laguntzen programak aurkeztuko dizkie balizko bazkide latinoamerikarrei, koprodukzio horiek berrabiarazteko asmoz. Horri dagokionez, erakundeak 3.000 euroko saria emango dio Foroan aurkeztuko den proiektu bati.

Serbiak hainbat pizgarri ezarri zituen 2016an ikus-entzunezkoen ekoizpenerako, eta horiei esker, Serbian filmatutako fikziozko, ez-fikziozko, animaziozko, telebistako eta publizitateko ekoizpenek diruz laguntzeko moduko gastuaren % 25erainoko itzulketak jaso ditzakete (% 20 kasu batzuetan). Gainera, gastua 5.000.000 eurotik gorakoa denean, pizgarriak diruz laguntzeko moduko gastuaren % 30era iristen dira.

Serbiako koprodukzioen presentzia etengabea izan da Donostia Zinemaldiaren azken edizioetan: aurten, Garbura / Carbide filma (Kroazia eta Sebiaren arteko koprodukzioa) New Directors sailean lehiatuko da; 2020an, Sharunas Bartasen Sutemose / In the Dusk pelikulak Sail Ofizialean parte hartu zuen; baita Ivana Mladenovicren Soldatii. Poveste din Ferentari / Soldiers, Story from Ferentari lanak ere 2017an, besteak beste, izan ziren. Gainera, 2004an Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen San zimske noci / Midwinter Night’s Dream obrarekin.

Ekimen hori 2014an abiarazi zen Focus on Canada ekimenarekin, Telefilm Canada taldearekin izandako lankidetzari esker; izan ere, Kanada berriz ere izan zen 2015eko ekimenaren herrialde, izandako arrakastari esker. 2016an, Danimarkako, Islandiako eta Norvegiako zinema-institutuekin lankidetzan, Focus on Nordic Glocal egin zen; 2018an, berriz, Baltikoko herrialdeei eskainia izan zen; 2019an, bestalde, Poloniako Zinema Institutuaren lankidetzari esker, Focus on Poland gauzatu zen; 2021ean, azkenik, Focus on Georgia antolatu zen, Georgian National Film Center erakundearekin elkarlanean.