Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak eta Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusiak euskal ekonomia suspertzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Bizkaia Aretoan. Hitzarmenaren helburua da bi erakundeen arteko konpromisoa ezartzea, Europar Batasunak eratu berri dituen Next Generation Europako Funtsen laguntzak lortzeko.
COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiak kostu izugarria izan du giza bizitzetan, baina ekonomia ere kolpatu du, suntsipenezko ondorioak eraginda. Egoera hori ikusita, Europar Batasunak Next Generation funtsak eratu ditu, baliabide publikoak mugiarazteko, ekonomia berreskuratzeko.
Akordio hori sinatuta, Kutxabankek eta Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartu dute laguntza horien onuradun izan daitezkeen proiektuak babesteko ahaleginak koordinatzeko. Horrela, euskal unibertsitate publikoak, Ikerketa Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren (OTRI) bitartez, proiektu horiek bultzatzeko behar den jakintza emango du, kasuan kasu adostuko diren baldintzetan. Bestalde, Kuntxabank-ek, enpresa bulegoetan aholkularitza espezializatua emateaz gain, finantzaketa osagarriko lau ildo espezifiko eta Kutxabank Next plataforma jarriko ditu enpresa interesdunen eskura. Plataforma horrek gako guztiak biltzen ditu konpainia bakoitzaren profilarekin bat datozen eta onuradun izan daitezkeen Europako laguntzei buruz informatzeko eta bilatzeko.
Bi erakundeek konpromisoa hartzen dute, halaber, beste erakundearen zerbitzuak agindu eta jartzeko, zerbitzu horien onuradun izan daitekeen edozein proiekturen aurrean.
Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “Euskal Herriko Unibertsitatea eta Kutxabank aspalditik dira egiazko aliatuak, eta akordio horrek lankidetza horretan sakontzen du, datozen urteetarako funtsezko estrategia baten barruan: koordinatu, izaera desberdineko proiektuak, unibertsitatetik edo euskal gizartetik argitutakoak, baldintza onetan komunitate funtsetara sar daitezen. Bi erakundeek nork bere know how-a: finantzarioa, Kutxabanken kasuan, eta akademikoa, unibertsitatearen kasuan“.
Eduardo Ruiz de Gordejuelaren iritziz, “lankidetza hori beste urrats bat da berreskurapenerako, Europako laguntzak deitu zirenetik Kutxabankek egiten duen lanean, hau da, bere talde espezializatuak enpresa sarearen esku jarri ditu, deialdi berrien jarraipen zorrotza egiteko, behar izanez gero, horiek osatzeko finantzaketa programa propioekin, eta Next Generation funtsen aurrerakin, kofinantzaketa edo abalerako behar guztiei erantzun ahal izateko”.