Euskal kulturak Montreal hartuko du Saison Quebec – Pays Basque egitasmoaren azken txanpan

0

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec – Pays Basque kultur trukerako  egitasmoak programa zabala eskainiko du bere azken txanpan, 2022ko udazkenean. Bi urteko ibilbidea itxiko dute diziplina anitzeko sortzaile eta jarduerek horrela; unibertsitate katedra berria, euskal zinema zikloa, literatura jaialdia eta kontzertu ugari egingo dira Quebecen irailetik abendura.

Jarduera horien berri eman du gaur Etxepare Euskal Institutuak Donostiako Tabakaleran egindako aurkezpenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Thierry Malandain Malandain Ballet Biarritzeko zuzendaria eta kultur programazio horretan parte hartuko duten protagonista ugari bildu dituen prentsaurrekoan.

Kultur programak puntu gorenetako bat izango du irailean, Montreal hirian, egun gutxiko tartean egingo diren hiru ekitaldirekin. Hilaren 7tik 18ra egingo da Festival Quartiers Danses jaialdia, Cinémathèque Québécoise filmategiarekin batera antolatutako euskal zine zikloa, irailaren 9tik 18ra, eta Elbira Zipitria euskal ikasketen katedra berri baten irekiera egingo da 9an, McGill Unibertsitatean, hain zuzen.

Quartiers Danses: euskal sorkuntzan fokua

2001. urteaz geroztik Montrealen irailero egiten den Quartiers Danses dantza jaialdiak euskal sorkuntza garaikidean jarriko du fokua aurtengo edizioan. Lau euskal konpainia, bederatzi ikuskizun eta 15 emanaldik osatuko dute Basque Focus atala. Malandain Ballet Biarritzek hartuko du jaialdiari hasiera emateko ardura, irailaren 8an, Montrealgo antzoki nagusian, Maisonave antzokian, ‘La Pastorale’ lanarekin. Irailaren 9 eta 10ean, aipatutakoaz gain,‘Nocturnes’ eta ‘Mozart a deux’ ikuskizunak eskainiko dituzte hiriko hainbat gunetan. Judith Argomanizek gidatutako Lasala izango da programazioko beste protagonistetako bat. Konpainiak ‘Fight’, ‘Alive’ eta ‘IU’ lanak aurkeztuko ditu irailaren 11, 12 eta 13an. Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak osatzen duten bikote artistikoak, Osa + Mujika, hartuko dio lekukoa: ‘Expectations will not kill you’ lana ikusi ahalko da hilaren 13, 14 eta 15ean hiriko kaleetan. Eta amaitzeko, Proyecto Larrua taldearen txanda izango da, ‘Larrua’ eta ‘Baserri’ lanekin, irailaren 15 eta 16an.

Dantzarekin lotutako eskaintza, ordea, ez da ikuskizun horiekin amaituko. Irailaren 11n, Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma emango dute Montrealgo Arte Ederren Museoan, eta 9tik 23ra euskal dantzaren transmisioa ardatz duen ‘Soka’ erakusketa egongo da ikusgai Centre des Musiciens du Monde (Munduko musikarien zentroa) gunean, Euskaldunak Québec elkarteak antolatu duena Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz. Irailaren 9an bertan izango da erakusketaren irekiera ekitaldia, eta Bilaka dantza taldeak emanaldia eskainiko du.

Elbira Zipitria, euskal ikasketen katedra berria McGill Unibertsitatean

Arlo akademikoari dagokionez, azpimarratzekoa da Etxepare Euskal Institutuak, McGill Unibertsitatearekin elkarlanean, euskal ikasketen katedra berri bat jarriko duela martxan. Euskarazko irakaskuntzaren aitzindari eta sustatzaile izan zen Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta andereño berritzailearen izena darama katedrak eta euskal kultura eta kultur berrikuntza izango ditu ardatz.

Irailaren 9an egingo den irekiera ekitaldia egun osoko egitaraua izango da, fokua hizkuntzan izango duena, bai euskal ikuspegitik, bai quebectar ikuspegitik. Hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola izango du hizpide, eta hiru ataletan banatuko da. Hizkuntzaren irakaskuntza, hizkuntza plangintza eta hizkuntzaren erabilera. Quebeceko adituez gain, Euskal Herritik joandako hiru hizlarik hartuko dute parte: Idoia Fernandezek (UPV/EHU) Elbira Zipitriaren ekarpenaz hitz egingo du; Miren Azkaratek (UPV/EHU) euskararen hizkuntza politikaren erronkak izango ditu hizpide eta Paulo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) Euskaraldiaren ekarpenen inguruan mintzatuko da.

Helburu nagusia da euskal eta quebectar errealitatean adituak diren hizlari gakoak solasean jartzea, eta ondoren beste esparru batzuetako (akademikoak ezezik hizkuntzari lotutako elkarteetakoak, errealitate sozioekonomikoari lotutako eragileak, etab.) gonbidatuekin eztabaida garatzea, bi errealitate soziolinguistikoetako erronken inguruan.

Euskal zinemari begira Quebeceko filmategian

2021eko irailean euskal zinema garaikidearen inguruko zikloa eskaini ostean, oraingoan, elkarbizitza, bakea eta euskal gatazkaren ikuspegi anitzak erakutsiko ditu Quebecko Filmategiak programatutako zinema zikloak. Genero ezberdinak baliatuz (komedia, drama, dokumentala…) kontatutako istorioak dira, 80ko hamarkadatik egunera arteko film aukeraketa baten bidez: ‘La futa de Segovia’ (Imanol Uribe, 1981), ‘Yoyes’ (Elena Taberna, 2000), ‘La pelota vasca’ (Julio Médem, 2003), ‘Asier eta biok’ (Aitor Merino, Amaia Merino, 2013), ‘Lasa eta Zabala’ (Pablo Malo, 2014), ‘Negociador’ (Borja Cobeaga, 2014), eta ‘Maixabel’ (Iciar Bollaín, 2021) izango dira ikusgai.

Jarduera andana urte amaiera bitarte

Iraileko jarduerok ez dira, ordea, egingo diren bakarrak. Itxaro Borda Trois Rivieres nazioarteko poesia jaialdian arituko da urriaren 1ean eta 2an; Igor Calongek dantza egonaldia egingo du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan eta Kulunka Teatrok Cinars Montrealgo arte eszenikoen biurtekoan hartuko du parte, OFF-Cinars atalean, azaroaren 8an.

Musikari dagokionez, Xabi Aburruzagak hiru kontzertu eskainko ditu Quebecen. Oreka TX M pour Montreal-en arituko da azaroaren 17an, eta Sigma Project saxofoi laukotak hainbat solasaldi eta kontzertu emango ditu Montrealgo Unbiertsitatean urriaren 23tik 26ra. Horrekin batera, Mikel Etxekopar eta Claudine Arhancet abeslari xiberutarrek egonaldi artistikoa egingo dute Centre des Musiciens du Monde gunean, euskal musika tradizionala eta Quebeceko kultura indigenaren arteko nahasketa esperimentatzeko.

Amaitzeko, Saison Quebec – Pays Basque programatik at, baina Kanadan bertan, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte Torontoko Festival of Authors jaialdira joango dira mahai ingurua eta bertsolaritzaren inguruko aurkezpena egitera.

Saison Québec – Pays Basque

Euskal kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, Saison Québec – Pays Basque kultur trukerako ekimenak diziplina anitzeko eskaintza zabala eraman du Quebecera 2021. eta 2022. urteetan zehar.

Bi urte hauetan guztira ia 90 profesional eta akademiko hurbilduko dira Quebecera, egitasmoak sustatutako bost sorkuntza-egonaldi, arte eszenikoei buruzko nazioarteko lau hitzordu, hiru literatura-jaialdi, bi zinema-ziklo, lau musika-bira, arte garaikideko bi jardunaldi, erakusketa bat, mintegi akademiko bat eta euskal ikasketen katedra berri bat egingo dira denera, euskal kultura eta sorkuntza ezagutzera emateko asmoz.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren nazioartekotzerako esanguratsutzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen, Euskadi Basque Country estrategiarekin bat eginda. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko. Lehendabiziko jomuga Eskozia izan zen, 2019an; Quebec etorri zen gero, 2021 eta 2022 urteetan; eta Etxepare Euskal Institutua hasi da jada Flandrian 2023an eta 2024an gauzatuko den hurrengo proiektua antolatzen.