Hegazti-gripe kasu berri bat baieztatu da Bizkaian jasotako hegazti basati batengan

0
Aves en humedales

H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti-gripe (PHHG) kasu berri bat detektatu da Muskizeko La Arena hondartzan Bizkaiko Foru Aldundiko basozainek jaso duten zanga gaixo batengan. Hegaztia Gorlizeko basa-fauna berreskuratzeko zentrora eraman zuten, eta bertan balizko gaixotasunak aurkitzeko laginak hartu ziren. Badaezpada, zanga isolatu egin zuten, laborategiko emaitzak jaso bitartean. Hiru egun geroago hil egin zen.

Behin hegazti-gripe birusa dela baieztatu ondoren, hegazti-sektoreari jakinarazi zaio, eskortako hegaztiak hegazti basatiekin kontaktuan egotea saihesteko beharrezko neurriak har ditzan, kutsatzea saihesteko. Neurri horiek autokontsumorako hegaztiei ere zabaldu behar zaizkie, zeregin garrantzitsua izan baitezakete gaixotasun hori hegaztien artean transmititzerako unean.

Bestalde, osasun-agintaritzak jakinarazi du hegaztien haragia, arrautzak, gibel»orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea ez dela arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere.

Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, oso-oso kutsakorrak hegazti-espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Horregatik, ustiategi batean hegazti-gripearen kasuak antzematen badira, kontrolerako neurri bakarra ustiategiko hegazti guztiak hiltzea da, eta horrek galera ekonomiko handiak eragingo lituzke ustiategietan.

Gaur egun, Europan bizitzen ari garen epidemia hegazti-gripearen azken urteetako epidemiarik larrienetako bat da, eta hegaztien migrazio-garaia hasi zenetik (2021eko udazkena eta negua) 5.530 kasu (nagusiki H5N1 anduia) jakinarazi dira 36 herrialdetan. Frantzia da herrialderik kaltetuena. Bertan 1.378 foku hauteman dira eskortako hegaztietan, 158 foku hegazti basatietan eta 39 foku, berriz, itxitako hegaztietan.

Euskadin ez zen hegazti-gripearen fokurik detektatu 2006az geroztik, baina joan den maiatzean bi sai arrerengan PHHGren H5N1 azpimotako bi kasu positibo baieztatu ziren. Saiak Matxinbentan eta Aiako Harrian agertu ziren, hurrenez hurren. Uztaileko azken astean, Donostia inguruan aurkitutako zanga gaixo batek ere positibo eman zuen H5N1 azpimotako hegazti»gripean. Kasu berria kontuan hartuta, lau foku deklaratu dira Euskadin aurten.

Aipatzekoa da azkeneko bi foku horiek hegazti-espezie berean hauteman direla (zanga). Itsaso-hegaztia da, eta ez da gure badietara eta hondartzetara iristen ez, baldin eta ahulduta ez badago. Halaber, gure lurraldean ez dago hegazti horren ugaltze-koloniarik; hortaz, oso zaila da hegazti horiek beste hegazti batzuekin kontaktua izatea foru-aldundietako baso-zerbitzuek jaso aurretik.

Kasu berri hau detektatu da hiru foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako animalien osasunaren arloko agintaritza eskudunek egindako ikuskapen zorrotzari eta indartuari esker. Arreta berezia jarri dute arrisku handiagoko eremuetan, hala nola hezeguneetan edo hegaztiak biltzen diren beste eremu batzuetan.