Ikasleentzako zinema Belodromora itzuliko da robotikari buruz mintzatzeko

0

6 eta 11 urte bitarteko milaka haur Belodromora itzuliko dira, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako jarduera batean zinema eta zientzia uztartzen dituen film baten emanaldiaz gozatzera. Donostia, Zinema Hiria, Zientzia Hiria goiburuarekin, lankidetza honen jomuga lurraldeko ikasleei zientziaren irudi positiboa helaraztea eta hiriak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia ikusaraztea da.

Pandemiak markatutako azken bi urteotan, jarduera formatu birtualean egin da ikasgeletan, baina aurten Belodromora itzuliko da handitasunez Ikastetxeak Belodromoan izenarekin, festa-espiritua berreskuratzen duen eta haurrak harritzea espero duen proposamen batekin.

Belodromoko pantaila erraldoiak Eric Tostik zuzendutako Terra Willy: planeta ezezaguna animaziozko filmaren emanaldia barne hartuko du. Istripu espazial baten ondoren, planeta ezezagun batean bizirik iraun behar duen eta, horretarako, robot baten eta izaki estralurtar baten laguntza izango duen haur bati buruzkoa da filma, euskarara bikoiztua. Filmaren emanaldiak robot sozialen –hots, gizakiarekin elkarreragin eta komunikatzeko eta, horrenbestez, gizakiei bizitza hainbat alderditan errazteko diseinatutako roboten– inguruko aurkezpen labur eta original bat izango du, Terra Willy filmeko robota halakoa baita.

Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAIT) partaidetza eta lankidetza izango du jarduerak; Elena Lazkano irakasle eta ikertzailea da Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikari eta ikerlariek ere osatutako taldearen buru.

2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPC eta Euskadiko Filmategiaren laguntza dute. 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joaten ziren, pandemia hasi aurretik, Belodromoan egindako sei saioetara. Aurten, eta jarduera jada ohiko formatura itzuliko dela, irailaren 16an (ostirala) goizez, eta 19tik (astelehena) 23ra (ostirala) egingo dira saioak.