Marlowe filmak –detektibe pribatu ospetsua berriz pantailaratzen duen Neil Jordanek zuzenduak– lehiaz kanpo emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko Sail Ofizialari. Irailaren 24an, Kursaal Auditoriumean, filmaren mundu-estreinaldia gauzatuko da, eta zuzendaria Liam Neeson eta Diane Krugerrekin joango da amaiera-galara, Jessica Langerekin batera osatzen baitute filmaren aktore-zerrenda.
Film luzea John Banvillek idatzitako The Black Eyed Blonde eleberrian oinarrituta dago; Raymond Chandler idazle estatubatuarrak duela ia 90 urte sortutako pertsonaia hilezkorrean oinarrituta idatzi zuen eleberria idazle irlandarrak. 30eko hamarkadaren amaieran Los Angeles hirian girotutako lan horrek Philip Marlowe ikertzailearen istorioa kontatzen digu (Liam Neeson aktoreak antzezten du rola), emakumezko oinordeko eder baten maitalea aurkitzeko enkargua jasotzen duenean, hain justu.
Alan Moloney, Gary Levinsohn, Mark Fasano, Billy Hines, Philip Kim eta Patrick Hibler dira filmaren ekoizleak. Bartzelonan eta Dublinen filmatuta, Parallel Films, Hills Productions eta Davis Films ekoiztetxeen arteko koprodukzioa da, Fís Éireann / Screen Ireland agentziaren laguntzarekin. Sur Film taldeak ekoizpen-zerbitzuak eman ditu Bartzelonan.
Neil Jordan zinemagile irlandarrak (Sligo, 1950) idazle gisa hasi zuen bere ibilbidea, baina 80ko hamarkadan filmen zuzendaritza eta ekoizpenera eraman zuen bere lana, hala nola film hauena: Company of Wolves (1984); Mona Lisa (1986); The Crying Game (1992), jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria; Interview With The Vampire (1994); Michael Collins (1996), Urrezko Lehoia Veneziako Mostran; The Butcher Boy (1997), zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza Berlinalen; eta The Good Thief (2002), Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala inauguratu zuena. Emmy Saria birritan irabazi duen The Borgias (2011-2013) telesaila ere idatzi, zuzendu eta ekoitzi du. 2019an, Jordan izan zen Donostia Zinemaldiaren epaimahai ofizialaren epaimahaikide.
SARREREN SALMENTA
Gaurtik aurrera salgai daude inaugurazio-galarako (ostirala, hilaren 16a) eta amaiera-galarako (larunbata, hilaren 24a) sarrerak, baita Donostia Sariak Juliette Binoche (igandea, hilaren 18a) eta David Cronenbergi (asteazkena, hilaren 21a) emateko zeremonietarako sarrerak ere. Gainera, abuztuaren 16tik aurrera Belodromoko hiru filmetarako (Sintiéndolo mucho, Rainbow eta Black is Beltza II: Ainhoa) sarrerak ere eros daitezke.