Eusko Jaurlaritzak 6.200.000 euro bideratuko ditu zigortuen birgizarteratzea sustatzen duten programak diruz laguntzeko

0

Gobernu Kontseiluak onetsi du euskal espetxeetan zigortutako pertsonak eta askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena etenda duten zigortuak gizarteratzeko proiektu komunitarioak finantzatzeko diru-laguntzen lerro baterako deialdiari, baita askatasunaz gabetzeko zigorraren ordezko neurriak betearazten eta horien jarraipena egiten laguntzeko ekimenetarako eta gizarte-arretako programetarako ere.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako proiektu horietara 6.200.000 euro bideratu dira guztira, hau da, aurreko ekitaldian baino 5.700.000 euro gehiago.

Aurrekontu-zabalkuntza hori espetxe-arloko eskumena eskualdatu izanaren ondorio da. Horren aurretik, hirugarren sektoreak askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko jarduerak sustatzea espetxeetatik kanpo egiten ziren ekimenetara mugatzen zen. Beraz, zenbait gizarte-erakundek instalazio horien barruan egiten zituzten jardueretako batzuk kanpoan geratzen ziren.

Espetxe-arloko eskumen osoa bere gain hartzeak esan nahi du jada ez dagoela inolako arrazoirik bereizketa hori egiteko eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak programa horiek zabaltzearen alde egin du, gizarteratzearen eremu komunitarioaren sustapenean sakontzeko.

Gaur onetsitako diru-laguntza lerroak hainbat proiektu finantzatzea aurreikusten du, ondokoei harrera soziosanitarioko plazak emateko: gaixotasun terminalak dituzten edo gaixotasun larri sendaezina duten espetxeetako presoei; erregimen irekian edo parekagarrian dauden seme-alabekin zigortutako amei, edo erregimen irekian edo parekagarrian egonda, adikzio- eta/edo osasun mentaleko arazoak dituzten edo bestelako laguntzarik ez duten zigortuei.

Era berean, eguneko ordu jakin batzuetan ingurune irekian dauden pertsonei arreta, zaintza, errehabilitazioa eta sozializazioa emateko eguneko zentroak, zigortutako atzerritarren integrazioan orientazioa errazteko programa espezifikoak edo prozesu errestauratiboen testuinguruan zigortuak arduraz jokatzen laguntzeko ekintzak diruz lagunduko dira. Bestetik, biktimei eragindako kalte-galeraz jabetzen, beren gain hartzen eta lehengoratzen laguntzen duten ekimenak; aisialdiko jarduera hezigarriak; bizikidetzaren, gizarteratzearen eta laneratzearen eta garapen komunitarioaren arloko programak; baldintzapeko askatasun-egoeran dauden pertsonentzako esku-hartze psikoedukatiboko ekintzak; edo zigorrak betearazten eta horien jarraipena egiten laguntzeko proiektuak, eta askatasunaz gabetzeko zigorren ordezko neurriak.

Berritasun gisa, deialdi hau bi urtean behin egingo da; hau da, 2022an hasi eta urte horretan bertan eta, hala badagokio, 2023an garatuko diren proiektuak bilduko ditu, programen jarraitutasuna bultzatuz.

Puntuazio onena duten proiektuak aukeratuko dira finantzaketa agortu arte, programak bideraezin bihurtuko dituen infrafinanziazioa gerta ez dadin.

Komunitatean zigorrak kudeatzen laguntzeko zerbitzua

Era berean, Gobernu Kontseiluak baimena eman du zigorrak kudeatzeko aurreko euskal Zerbitzua (egun, erkidegoko zigorrak kudeatzen laguntzeko zerbitzua) eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua birkokatzeko bi lokal erosteko.

Donostiako Mandasko Dukearen pasealekuan dauden bi higiezinak erosteko finkatutako prezioa 744.000 eurokoa da.

Urteko azken hiruhilekoan, EAEko hiru hiriburuetan eta justizia-jauregietatik gertu, zerbitzu hori garatzeko aukera emango duten beste lokal batzuk ere egokitzea aurreikusten da.

Helburua da epaileei aurretiazko balorazio-elementuak edo birgizarteratze-txostenak ematea, kautelazko neurriak gizarteratzera bideratzeko, kontuan hartuta, besteak beste, delituaren kausak edo pertsonen inguruabar espezifikoak, horin artean desgaitasuna, osasun mentala edo adikzioak.