Barakaldoko 500 familia eta bizilagun baino gehiagok Serralta Parke berriko 135 BOE lortu ahal izango dituzte kooperatiba erregimenean

0

Serralta Parkearen ondoan aurreikusitako babes ofizialeko 135 etxebizitzek interes handia piztu dute barakaldarren artean.  Eretza hirigintza-sozietateko presidentea eta Etxebizitzako zinegotzia den Juan Antonio Pizarrok gaur prentsaurrekoan iragarri duenez, bizikidetza-unitateen arloan 565 eskaera jaso dira (familiak edo norbanakoak), eta horietatik 443k etxebizitza horiek eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituzte: Barakaldon erroldatuta egotea 2020/01/01etik, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko diru-sarrerak,…

Etxebizitza horiek eskuratzeko eskubidea esleitzeko zozketa irailaren 21ean egingo da notario aurrean, 10:30etan, Clara Campoamor Gizarte Etxean. Sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta txartelen sistema tradizionala erabiliko da.

Pizarrok bereziki nabarmendu du Serraltako etxebizitzek Barakaldoko gazteen artean duten erakargarritasuna. Horren erakusgarri da 36 urtetik beherakoen 327 eskaera jaso direla. «Arrazoizko prezioak dituzten etxebizitzen eskari handia dago gazteen artean eta aspaldian ez da horrelako zozketarik egin. Izan ere, aurreko legealdia izan zen babes ofizialeko etxebizitzen udal-ekimenik izan ez zen lehena urte askotan»,  gogorarazi du.

Gogoratu behar da etxebizitzen % 40– ezinduentzat legez gordetako 6 etxebizitzak deskontatu ondoren– berariaz 36 urtetik beherako barakaldarrentzat izango direla. Hala ere, gazteek gainerako etxebizitzetarako zozketan parte  hartuko dute. Aukera bikoitza dute.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak babes ofizialeko etxebizitzetarako ezarritako prezioekin, hiru logelako eta 75 metro erabilgarriko etxebizitza batek, garajea eta atzealdea dituenak, 170.000 euro inguruko prezioa izango luke.

PARKE HANDI BAT INGURUA BIZIBERRITZEKO
Serralta Parkearen proiektua duela 16 urte onartu zuen Udalbatzak, eta zoritxarrez ezin izan zen gauzatu krisiaren ondorioz. Lanak, azkenean, iazko udazkenean hasi ziren, eta Llano, Lutxana eta Gurutzeta auzoak biziberritzeko aukera emango dute, ingurua bizilagunen gozamenerako berreskuratuta.

«Osasun publikoari kalteak eragiten zizkion fabrika kutsatzailea eta jarduera gogaikarriak egiten ziren lur kutsatuak zeuden lekuan, orain ia 57.000 metro karratuko parke handi bat egongo da, 2.982 zuhaitz eta zuhaixka eta 2.048 heskai dituena. Ezaugarri horiei esker Serralta benetako altxor berde bihurtuko da, behinola Ramon Rubial Lorategi Botanikoa eta Munoa Finka izan ziren bezala. Birika naturala izango da eremu barakaldarrean bizi diren biztanleentzat» azpimarratu du  Juan Antonio Pizarrok.

Serralta Parkea izango den zuhaizti oparoa honako hauek osatuko dute: 1.163 pago, oihanpeko 880 arte, espezie desberdinetako 113 haritz, 48 arte, 35 basagereziondo, 26 jakaranda, 24 magnolio, 20 ekaitz-paulownia (hosto arrosako zuhaitzak), 16 zuhandor, 15 urki, 12 eskalonia, 8 abelia fluribunda, 5 lagerstroemia indica (Jupiterren arbola), albizia julibrisima bat, 8 cercis siliquastrum (maitasunaren arbola), Japoniako 8 akazia, Japoniako 5 basa-sagarrondo eta lorategiko 3 sagarrondo, 11 ezki, 37 arrosadi igokari, 37 klenatide, 19 sekuoia, 525 huntz arrunt eta 2.048 heskai. 65 metro karratu arrosa, 185 landare usaintsu eta 180 gramineo ere egongo dira.

Gainera, proiektuak barne hartzen ditu haurrentzako jolas-gune estali bat eta kirol-gune handi bat. Bertan, kirol anitzeko kantxa bat eta parkour eta kalistenia praktikatzeko elementuak, bidegorri bat, bizikletentzako aparkalekuak eta abar egongo dira.

Peter Wirtz paisajista belgikarrak diseinatua, Serralta Parkearen gailurrean mendi artifizial lerdena egongo da, Gurutzetako aldagunera begira, zarata-hesi gisa moduan jardungo duena.