ERTIBIL-BIZKAIAk sei artisten egoitzetako lanen ondorioak aurkeztu ditu Tokion

0

KOKONI Ertibil AKIHABARA, Ertibil Bizkaiaren 2020ko eta 2021eko edizioetako irabazleek sortutako erakusketa kolektiboa, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatua, irailaren 14ra arte ikusgai egongo da 3331 ARTS CHIYODAren Tokioko 206 Galerian.

Helena Goñi, Maite Leyún eta Daniel Llaría, Ertibil 2020n sarituak izan diren pertsonak, eta Iñigo Varona Sanchez, Nora Aurrekoetxea eta Natalia Suárez, Ertibil 2021ean irabazle izan direnak, Japoniako herrialdera joan dira, Foru Erakundearen eskutik. Bertan, Arts Chiyodan, aurkeztu da erakusketa, Rensei Junior High School hiri zaharrean egoitza duen arte zentro independentean.

Erakusketak, Tokion bi hilabetez egindako nazioarteko egoitza artistikoetan, sei artistek burutu dituzten ikerketen ondorioetako batzuk biltzen ditu.

Sortzaileek egoitza artistikoez gozatu dute gune hauetan:

  •  Youkobo Art Space (Tokyo): Daniel Llaría.
  •  Koganecho (Yokohama): Helena Goñi eta Iñigo Varona Sanchez.
  •  Paradise Air (Matsudo): maite Leyún eta Nora Aurrekoetxea.
  •  Joshibi University of Arts and Design (Tokyo): Natalia Suárez.

Ertibil BIZKAIA azokaren aurreko bi edizioetan, Japoniako egonaldi artistikoak atzeratu egin ziren COVID-19ak sortutako egoeragatik. Horregatik, 2020ko eta 2021eko edizioetako sarituek aurten egin dituzte egoitza artistikoak.

KOKONI Ertibil AKIHABARA

Egoitza artistiko bat testuinguru, prozesu edo gai batean murgiltzeko formatua izan daiteke. Bertan erakusten dena ikaskuntza, ikerketa eta bizitako egoera ezberdinen lehen gai formalizatuak dira.

Sorkuntza artistikoaren prozesua ez da laburbiltzen Tokion bizitako bizipen labur, azkar eta kitzikagarriari erantzuteko proiektu bat sortzean. Sorkuntza artistikoaren prozesuak elementu pizgarriak sor ditzake, hemen izandako bizipenen geruzak zeharkatzen dituzten galderei erantzun laburrak eta/edo sakonak emanez, baina, eraldatzen jarraitzeko denbora behar dute, atsedena, konparatzea, asimilatzea, ikasketatik eta elkarrizketatik partekatzea eta kontrastatzea… KOKONI Ertibil AKIHABARA da lanean bi hilabete eman ondoren garatutako prozesuak erakusten dituen lehen geltokia.

KOKONI (japonieraz «hemen») begiratzeko moduen, egiteko moduen, erantzuteko moduen eta eztabaidatzeko moduen arteko elkarrizketa naturala da. Sei artistek lehendik zekitena hemen zutenarekin, egin zezaketenarekin eta egin nahi zutenarekin nahastu dute, bertan bizi izandako errealitateez zipriztintzen utziz.