Eusko Jaurlaritzak nerabe eta gazteengan «Arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko gida» argitaratu du

0
Segurtasun, Hezkuntza, Osasun eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailak joko patologikoari buruzko informazioa biltzen duen eta nerabeen eta gazteen arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko jarraibideak biltzen dituen gida bateratu bat argitaratzeko elkartu dira. Gida praktiko honek arduratsua ez den jokoaren arriskuak aztertzen ditu, diagnostiko-tresnak eskaintzen ditu eta prebentzioko eta tratamenduko baliabideak azaltzen ditu. Adin-tarte horretako gazteei eta horiekin harremanik handiena dutenei zuzenduta dago: hezkuntza-komunitatea (irakasleak, begiraleak, gurasoak eta 12 urtetik gorako ikasleak), gizarte-eragileak, osasun-arloko eta arlo soziosanitarioko langileak eta familiak, bai eta gazteak eta nerabeak ere.

Eusko Jaurlaritzaren helburua da informazio baliagarria eta eguneratua ematea kolektibo zaurgarri horretan jokoarekiko portaera adiktiboen alarma-seinaleak interpretatu ahal izateko. Horrez gainera, aholkuak ematen dira, baliabideak eta materialak eskaintzen dira eta ausazko jokoak eta apustuak kontestualizatzen dira, bai eta gazteak prozesu adiktiboetara edo ludopatietara eramaten dituzten mekanismoak ere.

2021eko datuak

Jokoaren Euskal Behatokiak aurten egin duen “Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021” txostenaren arabera, gazteen % 24,9k aitortzen dute ausazko jokoetan aritu direla eta apustuak egin dituztela azken urtean, eta, jokatzeko eta apustuak egiteko legezko adina 18 urte bada ere, gehienek (% 31,8) aitortzen dute jokoan adingabe zirenean hasi zirela. Jokoarekin lehenengo kontaktu hori beste norbaitekin hasten dute, kasurik gehienetan familiako norbaitekin. Gainera, gazte gehienek (% 78,6k) aitortzen dute familiartekoak ikusi izan dituztela ausazko jokoetan haurrak zirenean, baita etxean ere.

Ohikoena da aurrez aurre jokatzea (% 69,1), baina online jokoa gora egiten ari da (% 10,1). % 20,8k bi joko-modalitateak konbinatzen ditu.

    • Gazteek gehien aukeratzen dituzten aurrez aurreko jokoak dira loteria (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoko jokoak (% 16,9) eta B motako makinak (% 12,1).

 

    • Gehien aukeratzen dituzten online jokoak dira kirol-apustuak (% 57,9), Primitiva (% 9,9) eta online kasinoa (% 8,9).

 

Gida praktikoa

“Arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko gida” 7 multzotan banatuta dago. Joko-motak eta horien ezaugarriak deskribatzen ditu (online, presentziala, programatua, ausazkoa, aktiboa, pasiboa, indibiduala, taldekoa, etab.), bai eta bakoitzaren ahalmen adiktiboa eta horien arrisku faktoreak (makrosozialak, mikrosozialak, pertsonalak, neurofisiologikoak, nahasmendu psikikoak, etab.) eta horien alarma-seinaleak ere familian, eskolan eta lanaren esparruan, eta joko patologikoaren ondorioen zerrenda ere badago. Gainera jokatzen dutenen artean dauden mitoak eta joko sozialetik adikzio edo ludopatia bat garatzera arteko bilakaera ere azaltzen ditu, bai eta patologiak garatzen dituzten pertsonen ezaugarriak eta portaerak ere.

Horregatik guztiagatik, prebentzioko eta esku hartzeko jarraibide batzuk ezartzen dira arriskua murrizteko edo minimizatzeko eta kolektibo zaurgarri horren babesa areagotzeko familiaren eta eskolaren esparruan:

    • Familiako pertsona helduen jokoarekiko portaera egokitzea aurrean adingabeak daudenean.

 

    • Adin goiztiarretan jokoarekin kontaktua izatea saihestea.

 

    • Joko-portaerekin bateraezinak diren jarrerak, balioak eta bizitzeko erak sustatzea.

 

    • Adingabeen jarduera digitala gainbegiratzea.

 

    • Jokoarekiko jarrera kritikoa eta arduratsua garatzea eta jokoak dituen arriskuei eta ludopatiaren ezaugarriei buruzko informazioa ematea.

 

    • Jokoarekin zerikusia duten gizarteko presio-egoerei aurre egiteko trebeziak garatzea.

 

    • Jokoarekin bateraezinak diren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatzea.

 

    • Jokoa edo apustuak (zozketak, loteriak, karta-txapelketak…) normalizatu edo bultzatu ditzaketen ekitaldiak edo jarduerak ez sustatzea.

 

    • Osasun mentalaren garrantziari buruzko diskurtsoak normalizatzea eta horretaz hitz egiteko espazioak sortzea, etab.

 

Dokumentazio gehiago

Agirian hainbat web-orri interesgarri ere jaso dira hausnarketa egiten laguntzeko, eta ludopatia detektatzeko eta ebaluatzeko proba batzuk ere gomendatzen ditu profesionalei eta adituei balorazioa errazteko. Horrez gainera, joko patologikoan jausi diren edo jausteko arriskuan dauden pertsonei aholkua eta tratamendua emateko lekuen zerrenda bat ere badago.