Donostiako Erdialdea, Antigua, Intxaurrondo eta Amara Goizaldiak zerbitzura gehitu dira

0
PRUEBA

Irailaren 12tik aurrera Erdialdea, Antigua, Intxaurrondo eta Amara auzoek bat egingo dute Goizaldiak eguneko arreta zerbitzuarekin. Halaber, prestazio honen onuradun izaten jarraituko dute Egia, Bidebieta, Altza eta Gros auzoek. Hala, zortzi izango dira ekimenean parte hartuko duten auzoak. Ubikare, adinekoen eta mendeko pertsonen zaintza eta osasun zerbitzu integrala, izango da zerbitzua emango duen enpresa.

Programaren erabiltzaileen errealitatera eta beharretara egokitzeko asmoz, Goizaldiak programa astean hiru egunetan eskainiko da, bost egunetan eskaini beharrean, eta betiere aurrez aurre. Zerbitzuaren maiztasuna aldatzeko erabakiaren jatorria erabiltzaileen premiak dira.

Gizarte Ekintza zinegotzi Aitziber San Romanen hitzetan, “kontutan hartu ditugu erabiltzaileen egoera eta asmo desberdinak, astean hiru egunetan eskaintzen den zerbitzu batean parte hartzeko prestasun handiagoa baitute, bost egunetan eskaini beharrean”. Izan ere, “asteko bost egunetan dagokion zentrora joateko konpromisoa hartzea arazo bat zen parte hartzera animatzeko orduan”, San Romnek ondorioztatu duenez.

Eguneko arreta 2015etik

Goizaldiak eguneko arreta-zerbitzua 2015ean hasi zen Donostian, Udaleko Gizarte Ekintzako Zuzendaritzaren bitartez. Orduz geroztik, erretiratuen etxeetan garatzen ari da; izan ere, zentro hauek kudeatzen dituzten adineko erretiratuen elkarteek jarduerak antolatzen dituzte, eta konfiantzazko ingurune bat eskaintzen diete hurbiltzen zaizkien adinekoei, non gustura sentitzen diren eta beren gizarte-bizitza hobetu dezaketen. Honek guztiak programaren helburua indartzen du .

Goizaldiak adineko pertsona hauskorrei, isolatuta daudenei edo mendetasun ertaineko egoeran daudenei zuzenduta dago.

Eguneko arreta-zerbitzu honek adinekoekin topo egiteko guneak, memoria-entrenamendurako ariketak eta gaitasun kognitiboak mantentzeko ariketak eskaintzen ditu. Era berean, osasun fisikoa eta funtzionala hobetzeko entrenamendua eskaintzen du, gimnasia egokituaren, erlaxazio-ariketen, eskulan-ariketen edo terapia okupazionalaren bidez. Baita solasaldi edo elkarrizketarako guneak eta ingurune hurbil eta komunitariora txangoak ere.

Goizaldiak zerbitzuan parte hartzeko, beharrezkoa da eskatzaileari dagokion gizarte-zerbitzuen zentrora joatea, hitzordua eskatzea eta gizarte-langilearengana jotzea, zerbitzu horretan sartzeko eskaera izapidetzeko behar den laguntza guztia emango baitu.

– Izena emateko tramiteari buruzko informazioa, hemen.

– Azalpen bideoa, hemen.

2022/09/07-an argitaratua