Bizkaiak iraupen luzeko zaintza-arretaren ereduari buruzko Bay of Biscay, Bay of Care txostena aurkeztu du Bruselan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak ostegun honetan aurkeztu du Bruselan, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitean, Bay of Biscay, Bay of Care azken txostena; horren bidez, amaiera emango zaio foru-erakundeak, AGE Platform Europe-rekin (adineko pertsonen eskubideen alde lan egiten duten erakundeen Europako sare nagusiarekin) lankidetzan, Bizkaian eta Europan iraupen luzeko zaintza-arretaren ereduari buruz gogoeta egiteko duela bi urte abian jarri zuen prozesuari.

Gizarte Ekintzako diputatua den Sergio Murillok Europar Batasuneko hiriburuan aurkeztu du dokumentua, eta Oxfordeko Unibertsitateko Zahartzearen Institutuko gerontologo eta demografo nahiz Erresuma Batuko Gobernuko aholkulari den Sarah Harperrek eman ditu horren gaineko azalpenak. Europako gizarte-laguntzako eta osasun-arretako ereduak ondo ezagutzen dituzten unibertsitateen eta ikerkuntzaren esparruetako ospe handiko adituen burua da Harper (adituen talde horrek egin du txostena).

Europako arlo akademikoko ordezkariak egon dira aurkezpenean, bai eta honako hauetako ordezkariak ere, besteak beste: Europako OMEkoak; Europako Parlamentuko nahiz Batzordekoak; Estatu kideetako eskualde, probintzia eta hirietakoak; GKEetakoak; zaintzen sektoreko zerbitzuen hornitzaileenak; AGE Platform Europe plataformakoak eta industriakoak. Europako erakundeez gain, Europako hamalau herrialderen ordezkaritza da.

Txostena aurkeztu ostean egin den mahaian hauexek hartu dute parte: Europako Batzordeko, Osasunaren Mundu Erakundeko eta desgaitasuna dute pertsonentzako zerbitzuen hornitzaileen Europako plataformako ordezkariek.

Bay of Biscay, Bay of Care txostenaren bidez, erantzuna eman nahi zaie iraupen luzeko zaintzak behar dituzten pertsonei eman beharreko arretak gaur egun eta etorkizunean eskatzen dituen premiei, Europa osoak duen erronka baita. Azken urteotan egon diren aldaketa demografikoez gain, adinekoen itxaropenak eta beharrizanak ere aldatu dira; hala, iraupen luzeko zaintzei zuzendutako zerbitzu eta baliabideak eraldatzeko beharra eta erronka sortu dira. Egoitzetan, eguneko zentroetan edo etxean sortu daitezke, modu informalean zein formalean, urrunetik edo aurrez aurre, eta gizarte-laguntzari nahiz osasun-arretari lotuta egon daitezke. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, guztiz beharrezkoa da erronka demografikoari aurre egin ahal izateko, eta ez diegu kopuruei soilik erreparatu behar; aitzitik, kalitatea ere kontuan eduki behar dugu, begiak epe luzean ipinita, eta Europarekin bat etorriz.

Europako Batzordeak zaintzei buruzko Europako estrategia ezagutzera eman osteko egunean argitaratu da txostena; horren harira, espero da EBko Europako Batzordeak iraupen luzeko zaintzei buruzko gomendioak ematea abenduan.

Bay of Biscay, Bay of Care: orientabide nagusiak

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak egin du hitzaurrea eta ostegun honetan askoren aurrean Bruselan aurkeztu den azken agiriak kalitatezko arreta-eredua eskaintzeko zuzentarau orokorrak biltzen ditu. Iraupen luzeko arreta eta zaintzak behar dituzten pertsonen gaur egungo beharrizanak barne hartzen dituen eredua ezarri nahi da, gaur egungo gizarte-aldaketak eta aldaketa demografikoak aintzat hartzen dituena, bai eta Covid-19 gaitzak eragindako pandemiaren egoera kontuan hartzen duena ere. Dokumentuak zazpi kapitulu ditu:

  • 1. kapitulua. Iraupen luzeko zaintzetarako ikuspegia garatzea.
  • 2. kapitulua. Iraupen luzeko zaintzen beharra: pertsonak eta komunitateak.
  • 3. kapitulua.  Eskaintza: iraupen luzeko zaintzak emateko modua.
  • 4. kapitulua. Trebakuntza: iraupen luzeko zaintzak ematea ahalbidetzen duten faktoreak.
  • 5. kapitulua. Iraupen luzeko zaintzen sistemaren ebaluazioa: kalitate handiko eta arrazoizko arreta lortzeko modua.
  • 6. kapitulua. Pandemiaren osteko iraupen luzeko zaintzak birpentsatzea.
  • 7. kapitulua. Iraupen luzeko zaintzen ahalduntze-eredu berria.

Dokumentu osoan zehar azaldutakoari jarraikiz, txostenean beren-beregi aipatzen da iraupen luzeko zaintzen trantsizio-plana, zeina 2021ean jarri baitzen abian, Bizkaian iraupen luzeko zaintzen ahalduntze-eredua ezartzeko lehenengo saiakera gisa.

Bay of Biscay, Bay of Care txostena Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean dago eskuragarri.