Iaz sortu zen ahalduntze feminista taldearekin bat egitera animatzen ditu gazteak Gazte Bulegoak

0

Urte osoan, 50 gaztek mahairatu ditu bere ikuspuntuak hausnarketa eta prestakuntza talde honetan egin diren tailer eta lanetan. Larunbatean, hilak 17, informazio-mintzaldi bat izango da Donibane kaleko bulegoan, ekimena ezagutzera emateko 12:00etatik 14:00etara iraungo du topaketak.

Gazte Bulegoko gazte-taldeak iazko ikasturtean sortu zuen ahalduntze feministarako lehen taldea, gogoeta egiteko, prestatzeko eta parte-hartzeko gune bat, helburu argi batekin: gazteek proposa ditzatela Gazteria udal zerbitzuak eskaintzen dituen prestakuntza, informazio nahiz sentikortze ekintzak, gero eta gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko gizon eta emakumeen artean. Talde horrek emaitza ona izan duenez, Jonathan Martínek zuzentzen duen Gazteria Arloak taldea ezagutzera eman nahi izan du, eta berriz ere deialdi bat egin, gazte gehiago atxiki dadin, esparru horretan lanean jarraitzeko.

«Joan den ikasturtean 50 gazte inguruk  hartu zuten parte Gazte Bulegoak antolatutako tailer feministetan.  Parte-hartzaileek zuzenean proposatu zuten tailerren gaia, bakoitzaren premia eta interesa oinarri hartuta.  Gogoko izan zituztenen artean, autodefentsa feministari buruzko tailerra, gordofobiari buruzkoa edo publizitate sexista ikuspegi kritikotik aztertu nahi zuena», azaldu du Jonathan Martín Gazteriako zinegotziak .

Talde horretako kideek garrantzi handia izan zuten Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatutako Generation Equality Beijing+25 proiektuaren proposamenak diseinatu eta egitean.  Taldeak modu aktiboan  hartu zuen parte saioetan, azken 25 urteetan ordezkatutako eremu bakoitzean berdintasun-arloan egindako aurrerapenak ebaluatuz eta datozen 5 urteetan konprometitu nahi ziren erronkak markatuz.

Horrez gainera, martxotik aurrera hainbat ekintza egin dira, hala nola Alboan GKEak diseinatutako saio praktikoa. Saio horretan, berdintasunezko hezkuntza lantzeko tresna bat aurkeztu zen: Aisialdia hezkidetzan oinarrituta birpentsatzea.  Era berean, aisialdiko klubetako begiraleei zuzendutako bi tailer aurkeztu ziren: Nola landu haurrekin sexu-aniztasuna  eta Begiraleen berezko motxila berrikusten.   Horietan, sexu-dibertsitateen kontzeptualizazioan oinarrituta lan egin zen, eta inklusioa eta aukera-berdintasuna bultzatzen duten inguruneetan lan egiteko jarraibideak eskaini ziren.

«Oso harrera ona izaten ari diren ekintzak dira, eta horregatik eskaini nahi genien interesa duten pertsona berriei talde feminista honetan izena emateko aukera», azaldu du Martinek.   Horretarako, Gazte Bulegoa zerbitzuak bilera bat deitu du datorren larunbatean, irailak 17, interesdunen artean taldea ezagutarazteko eta funtzionamendu-dinamika azaltzeko.  Bilera zabalik dago parte hartu nahi dutenentzat, eta 12:00etatik 14:00etara izango da, Gazte Bulegoaren bulegoan, Donibane kalean.