Nafarroako 533 adinekok eta desgaitasuna dutenek jada laguntzak eskatu dituzte laguntza-produktuetarako eta etxebizitza birgaitzeko

0

Nafarroan, guztira 533 adinekok eta/edo desgaitasunen bat dutenek indarrean diren laguntzetako bat eskatu dute jada, haien autonomia erraztu eta mendekotasuna prebenitzen duten laguntza-produktuak erosteko edota etxebizitza eskuratzeko irisgarritasun unibertsala ziurtatzen duten obrak eta esku-hartzeak finantzatzeko. Gaur egun, diru-laguntzen hiru deialdi daude irekita, 7 milioi euro ingurukoak, laguntza-produktuak erostea eta etxebizitzan berrikuntzak egitea finantzatu ahal izatearren.

 

Laguntza-produktuei dagokienez, audiofonoak eskatu dira gehien (141 eskari) eta, ondoren, betaurrekoak (95) eta dutxako aulkiak (82). Halaber, beste laguntza-produktu batzuetarako ere laguntza eskatu da; hala nola, heldulekuak (28), ohe elektrikoak orga jasotzaile eta guzti (23), eskaren aurkako koltxoiak (19) edo bainuontzirako aulki birakariak (14), besteak beste.

Era berean, diru-laguntza jaso dezakete honako produktu hauek: zutikako garabiak, plataforma jasotzaileak, eskailerak igotzeko aulkiak, alarmadun pastilla-kaxak, behatxulo elektrikoak, ibilgailuak gidatzeko elementuetarako egokitzapenak, ordenagailura edo softwarera sartzeko sistemak edo erratz elektrikoak, besteak beste; baita ere, konpresio-galtzerdiak jartzeko eta kentzeko produktuak, ikusmenerako laguntza-produktuak edota komunerako altxatzeko produktuak.

Bestalde, adinekoei, desgaitasuna dutenei eta/edo mendekotasun-egoeran aurkitzen direnei etxebizitzarako irisgarritasuna ziurtatzeko obra eta esku-hartzeetarako laguntzei dagokienean,  guztira 6 eskaera jaso dira bideoporteroak, atea automatizatzeko sistemak, etxebizitzara sartzeko ateak ordezkatzea, arrapala finkoak eta mugikorrak eta eskailerak igotzeko aulkiak finantzatzeko.

Etxebizitzetako irisgarritasunerako eta laguntza-produktuak erosteko laguntzak

Hiru deialdietarako guztira jarritako zenbatekotik, 637.548,12 euro Nafarroako adinekoen, desgaitasuna dutenen edo mendekoak diren pertsonen etxebizitzetako irisgarritasuna ziurtatzeko esku-hartzeetarako laguntzak izan dira. Zehazki, funts horiek erabiliko dira irisgarritasun unibertsalaren aldetik jada amaituta dauden jarduerak ordaintzeko, partikularrei eta bizilagunen erkidegoei laguntzak emanda; hala nola, igogailuak, jasogailuak, eskailera mekanizatuak instalatzea eta/edo arrapalak eta bestelako eraikuntzak eraikitzea eta etxebizitzarako sarrera, erabilera eta gozamena ziurtatzen duten bestelako berrikuntzak egitea.

Horrez gain, deialdian etxebizitzaren irisgarritasunerako jarduerak jasotzen dira, partikularrentzako laguntzen bitartez, bereziki landa-eremuko herrietan, desgaitasuna duten eta/edo mendekotasun-egoeran aurkitzen diren adinekoentzat. Eskaera bakoitzeko zenbatekoa gehienez 10.000 eurokoa da.

Laguntza horiek Europako funtsen finantzaketa dute, 22. Osagaiaren bitartez: “Zaintzen ekonomiarako Talka Plana eta berdintasunaren eta inklusioaren politikak indartzea”, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planekoa. Laguntzetarako eskaerak 2022ko azaroaren 30era bitarte egin daitezke.

Laguntza-produktuak erosteari dagokionez, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzaren bi deialdi onartu berri ditu. Lehena 50.000 eurokoa da, Foru Exekutiboak jarritakoa, eta, aurrean aipatutako laguntza-produktuez gain, produktu sinpleagoetarako diru-laguntza ematen du; esate baterako, norberaren garbitasunerako objektuak, janzten eta eranzten laguntzeko produktuak, jaten eta edaten laguntzekoak, eta betaurrekoak edo lentillak, besteak beste.

Laguntza-produktuak eskuratzeko bigarren deialdia 6.110.285 eurokoa da, eta Europako funtsek, EB NEXT GENERATIONek finantzaturiko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Zaintzen ekonomiarako Talka Plana eta berdintasunaren eta inklusioaren politikak indartzekotik datoz. Laguntza horiek 2023ko azaroaren 30era arte eska daitezke, eta honako hauek diruz laguntzen dituzte: suteak, uholdeak edo gas-ihesak eta erorketak detektatzeko alarmadun sentsoreak edo ahotsa sortzeko sistemak, besteak beste.

Sor daitezkeen zalantzak konpontzeko, Eskubide Sozialetako Departamentuak 848426900 telefonoa jarri du, eta 08:00etatik 15:00era bitartean egongo da martxan.