Nafarroako Organorako Musika Zikloaren 38. edizioan zortzi kontzertu eskainiko dira zazpi herritan

0

Nafarroako Organorako Musika Zikloak, Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, 38. edizioa ospatzeko, zortzi kontzertu eskainiko ditu Foru Komunitateko zazpi tokitan, eta horien artean, narrazioa, bakarlariak eta inprobisazioa izango duten saioak egongo dira. ‘Gure herriak ezagutzen’ goiburuarekin, programa Iruña, Gares, Oteiza, Bera, Esa, Etxalar eta Tuterara iritsiko da irailaren 16tik urriaren 22ra bitartean.

Zikloaren programazioaren aurkezpenean parte hartu dute Vianako Printzea Erakundea – Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguiak, programaren zuzendari artistiko Jose Luis Echechipiak eta Programa Artistikoak eta Hedapena Ataleko burua den Marisol Martinezek.

Apezteguiak nabarmendu du zikloak “organoa zabaldu nahi duela instrumentu sofistikatu gisa, musikaren munduan industria-ingeniaritzako obra handia izanik, giza ondareari eta organisten ondareari balioa ematearekin batera, ezinbestekoak izateagatik eta Nafarroan, lehen mailakoak”.

Herrietako irudien emanaldia kontzertuetan zehar

Bestalde, Echechipiak adierazi du aurtengo musika-programazioak “aukera emango digula musika eta giroak norbera bere buruarekin topatzen eta beste musika eta errealitate batzuetara irekitzen lagunduko duen testuinguruan murgiltzeko, gure eguneroko bizitzan nagusi direnetatik kanpo”.

Halaber, berrikuntza eta “esperientzia aitzindari” moduan nabarmendu nahi izan du aurten musikari irudiak jarriko zaizkiola organista interpretatzen ari den bitartean. “Soinu-banda bat sortzearen alderantzizko prozesua jarraitu nahi da, musika aldez aurretik jada hautatutako irudien gainean konposatuz”, azaldu du. Irudiak kontzertuak egiten ari diren herrietako txokoak eta gertaerak izango dira; alegia, “gure herrietako irudiak gure organoen musikaren gainean”, Echechipiaren arabera.

Franki omenaldia haren jaiotzaren ehungarren urtean

Zikloa Iruñean hasiko da Saskia Roures eta Kristina Berasain artistekin, irailaren 16an, 19:00etan, Aita Karmeldar Oinutsen komentuan. Kontzertuan omenaldia egingo zaio Cesar Franck organista eta konpositore belgikarrari, 1822an jaio eta mendeurrenean. Saioan, Rouresek interpretatutako musika eta Francken musikari garaikideen hainbat testu konbinatuko dira, Berasainek errezitatuta.

Irailaren 17an, larunbata, 18:00etan, Garesko Gurutzefika elizan, Cristina Alisen Erdi Aroko organo eramailea izango da; hots, Erdi Aroko hainbat fasetan organogintzaren egoeraren testigantza, mistika edo maitasun adeitsua bezalako gaiekin.

Hilaren 24an, larunbata, berriz, Raul del Toro arituko da 18:00etan, Oteizako San Migel elizan. Cayetano Estadellaren enpresan kontserbatutako organoetako batean joko du, 1923koan.

Irailaren azkeneko kontzertua Oscar Candendok emango du, ostiralean, 30ean, 19:00etan, Berako San Esteban elizan. Espainian XIX. eta XX. mende artean aurkitutako bi musika-figuraren elkarketaz gozatu ahal izango da: Eduardo Torres eta Aquilino Amezua.

Urriaren 2an, igandea, 12:45ean, Leireko Monasterioan izango da Naji Hakim organista, konpositore eta irakaslearen kontzertua, “oso ezaguna mundu osoan” eta Olivier Messiaenen ondorengoa Trinitéren organistian, Parisen, antolakuntzak adierazi duenez.

Eduardo Torres eta Pello Apezetexearen inguruan

Benantzi Bilbaok Etxalarko Santa Maria elizan joko du urriaren 8an, larunbata, 19:00etan. Kulturako bi irudi handi izango ditu oinarri: Sevillako katedraleko  konpositore eta kapera-maisua den Eduardo Torres, eta etnologoa, etnografoa eta Euskaltzaindiako ohorezko kidea den Pello Apezetxea, hainbat hamarkadatan Etxalarko erretore izan dena eta hil berria.

Urriaren 14an, ostirala, 18:00etan, Iruñeko San Nikolas elizan, Alvaro Landak joko du organoa, eta harekin batera izango da Javier Jaso bakarlaria. Elkarrekin eskainiko dute Europako barrokoan zehar egingo duten ibilbide zabala, elizako organoaren bitartez; “hiriko instrumentu enblematikoetako bat, organo-zikloan ohikoa dena aspaldiko urteetan”, antolakuntzak adierazitakoaren arabera.

Programa urriaren 22an, larunbata, amaituko da 19:30ean, Tuterako Santa Maria katedralean. Bertan, tenpluko organoaren baliabideak aurkeztuko ditu Jose Luis Echechipiak, Jorge Garcia Martinek organoan egingo dituen inprobisazioekin batera.

Kontzertuetarako sarrera doakoa da plaza-kopurua bete arte, eta ordu-erdi lehenago hasita sartu ahal izango da. Navarra Televisionek kontzertuen laburpena emango du urriaren 8an eta 29an.

Organorako Musika Zikloaren jatorria

Nafarroako Organorako Musika Zikloak 1984. urtean hasi zuen ibilbidea, Espainia osoan jarduera eta kezka kultural handiko garaian, baita Nafarroan ere. ANAO-ren (Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartea) eskutik egin zuen, eta laster lortu zuen Nafarroako Gobernuaren babes instituzionala.

Urte batzuk geroago, Kultura Departamentuak bere gain hartu zuen jaialdi hau. «Urteetan zehar, programa ospatzen eta Nafarroan hain garrantzitsua den kulturaren aldeko apustua egiten jarraitu da, bai historiaren ikuspegitik, bai ondarearen ikuspegitik», azaldu du zikloaren zuzendariak.