Leizaola lehendakariaren brontzezko eskulturak Euskadi Plaza aberastu du

0

Gaurtik aurrera Gros auzoko Euskadi Plazan egongo da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari doan eman dion, Jesus María de Leizaolaren eskultura. Piezak leku berezia du, Santa Katalina zubiari begira eta bakea sinbolizatzen duen olibondo baten ondoan.

Donostiako udalbatzako kideak, Eneko Goia alkatea buru; Gipuzkoako Foru Aldundia, Markel Olano diputatu nagusia buru, Eusko Jaurlaritza, Josu Erkoreka lehendakariordea ordezkari, eta Eusko Legebiltzarreko hainbat alderditako kideak izan dira ekitaldi instituzionalean, eskulturaren kokapen berria ofizialki inauguratzeko. Ekitaldian, gainera, Leizaola lehendakariaren familiaren ordezkari ugarik parte hartu dute.

Eskultura Xebas Larrañaga artistaren lana da, eta 90.000 euroko balioa du. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen 2007an eta, ordutik, Foru Jauregiko Ohorezko Patioan egon da, lehendakariaren eskultura kalean –defendatu eta ordezkatu zuen herriarekin bat eginda– kokatzeko helburua beti presente egon bada ere. Jesus María de Leizaola irudikatzen duen brontzezko irudia da eskultura, gorputz osokoa, traje eta gabardina jantzita eta ezkerreko eskuan kapela duela ageri da. Guztia material bereko oinarri karratu baten gainean dago.