Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiarekin duen lankidetza berritu du

0

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak berritu egin dute 2022rako bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Helburua da euskararen garapena, azterketa eta ikerketa normalizatzea eta horretan laguntzea, Foru Komunitatearen berezko hizkuntzetako bat baita.

Aurten, bi proiektu nabarmendu daitezke. Alde batetik, Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketaren emaitzak Mendaur Bilduman argitaratzea, Nafarroako Gobernuak azken urteotan finantzatu duen ikerketa-lan zabalari amaiera emateko. Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren parte-hartzea eta aholkularitza Etxauribarko etxeen izenak biltzeko proiektuan; proiektu horretan, iaz oikonimia lanetarako sortu zen esparru teorikoa aplikatuko da.

190.000 euro hainbat proiektutarako
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, Euskaltzaindiak garatuko dituen proiektu eta lan hauek lagunduko ditu diruz: Joakin Lizarragaren lexikoa ikertzeko proiektuaren emaitzak argitaratzea; XXVI. Jagon Jardunaldietan azaldutako lanak argitaratzea (“Euskara Nafarroako hezkuntzan. Egoera eta aukera berriak”); Onomastika Batzordera edo Euskaltzaindiaren Nafarroako Ordezkaritzara iristen diren txostenak egitea eta eskaerak izapidetzea; Etxauribar osatzen duten udalei oikonimiari buruzko aholkularitza ematea; eta Euskaltzaindiaren 2022ko ikerketa-programetan parte hartzea (Euskaltzaindiaren Hiztegia, Orotariko Euskal Hiztegia, Euskal Corpus Onomastikoa, eta Euskara Batuaren Ortotipografia). Foru Gobernuak 190.000 euro jarri ditu horretarako.

Duela mende bat baino gehiago, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Nafarroako Foru Diputazioa. Ordutik, bi erakundeen arteko harremana mantendu da, ekimen kultural eta akademikoak gara ditzaten.