Perlak saileko hamabost film lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko

0

Perlak sailak 17 film luze erakutsiko ditu aurten, eta horietako hamabost lehiatuko dira Udalak zazpigarren urtez jarraian babesten duen Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Udalak donostiarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du golardoa, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak. Golardoa Europako Kultura Hiriburuaren testuinguruan sortu zen eta, horrenbestez, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirau.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.

Doako sarrerak langabeentzat

Bestalde, Zinemaldiak eta Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko dituzte premia ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean, Kursaalen eta Belodromoan filmak ikusteko aukera izan dezaten. Donostian erroldatutako 18 urte gorako langabeek eskatu ahalko dituzte tiketak.

Alde batetik, sarrera-txartelen eskaera irailaren 14ko 9:00etatik irailaren 26ko 14:00ak arte egin ahalko da Arroka plazako Udal!nforen bulegoan, bai eta 010 telefonora deituz edo Udalaren webgunearen bidez ere. Bestetik, Udal!nforen aipatutako bulegoan 9:00etatik 14:00etara jaso ahalko dira identifikazio-dokumentua, langabe-agiria et inprimatutako sarbide-eskera erakutsiz betiere.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eskerrak eman ditu Udalak Zinemaldi inklusiboago baten bidean aurrera jarraitzeko emandako laguntzagatik. “Harrotasunez esan ohi dugu Donostia Zinemaldiaren bereizgarri nabarmena publikoa dela, baina hainbat arrazoi direla eta, gizarteko sektore batzuek ezin dute sarrera bat erosi. Ekimen honekin eta baita beste batzuekin ere -Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin egiten dugunarekin adibidez-, arrakala hori apur bat txikiagoa izaten saiatzen gara”, adierazi du.