Artolazabal: «2030ean soldata arrakalada txikiena duten herrialdeen artean egon nahi dugu»

0
PRUEBA

“Zainketen feminizazioa da, zalantzarik gabe, zuzendaritza-postuetan edo, besterik gabe, lanpostu egonkorretan emakumeen presentzia areagotzea eragozten duen faktore erabakigarrietako bat”. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek argi eta garbi adierazi du emakume profesional batek lan-munduan gora egiteko duen oztopo nagusia zein den. “Familia gehienetan, emakumeak eskatzen ditu lanaldi-murrizketak, medikuarengana edo ikastetxeetara joateko baimenak; azken batean, presiopean bizi da, lan- eta pertsonal-ordutegiak bateratzeko”.

Artolazabalek gogoeta horiek egin ditu Arabako Parke Teknologikoan gaur egin den topaketaren esparruan. Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin hitz egin du, eta emakumeak industrian duen presentzian jarri du arreta, “sektore erabat maskulinizatua, batez ere, ETEek edo mikroETEek osatua, eta oraindik ere asko kostatzen dena Euskadira hurbiltzea”.

Nerea Ibáñez EnpresariAK-eko lehendakariak ere parte hartu du emakumeak enpresetan duen zereginari eta lan-munduan dituen erronkei buruzko mahai-inguruan.

Itziar Epalza Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko zuzendariak aurkeztu du ekitaldia, eta EAEko Enpresa, Zuzendari eta Profesionalen Federazioaren aurkezpen-ekitaldietan sartu da. Iñigo Urkullu lehendakariak eta 80 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekitaldi horretan.

Epalzak bere hitzaldian azaldu duenez: “AEDren txostenaren arabera, enpresa handien artean, CEO postua batez ere gizonek betetzen dute; % 9k bakarrik du emakume bat enpresaren buru. Eta enpresa horietan aztertutako 4.500 zuzendaritza-karguetatik, % 24 baino ez dira emakumeak. Egoera errepikatu egiten da administrazio-kontseiluetan; horietatik %13 baino ez dira emakumeak”. Alde horretatik, Epalzak balioa eman dio Emakunde, AED, ASPEGI edo AMPEA bezalako erakundeek egindako lanari.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendariak emakumeek dituzten beste oztopo batzuez hitz egin du, hala nola, zuzendaritza-postuetan presentzia eskasa eta soldaten aldea. “Egoera desberdin horri eusten laguntzen duten beste faktore batzuk ere badaude, eta EnpresariAK oso ondo identifikatu ditu: emakumeek erabaki-foroetan aktiboki parte hartzeko bermerik ez izatea; emakumeen artean ekintzailetasuna sustatzea; edo neska eta gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea”.

Hain zuzen ere, gai horri dagokionez, Artolazabal sailburuak kristalezko sabaiak eta soldata-arrakalak aipatu ditu, eta berriro esan du, “Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat soldata-arrakala txikiena duten herrialdeen artean egotea dela”.

“Abodartze integral batek soilik eman diezazkiguke emaitza eraldatzaileak. Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen soldata-berdintasunaren aldeko estrategia adibide bat da. Esku-hartze integrala proposatzen du, tartean diren eragile eta eremu guztien partaidetzarekin. Hala, enpresetan, sindikatuetan, hezkuntzan, osasunean, zainketaren erantzunkidetasunean…” azaldu du Artolazabalek, eta berdintasun-planek enpresei ematen dizkieten onurei buruzko datuak ere eman ditu. “Genero-berdintasunaren arloko hobekuntzek lanpostu gehiago sortuko dituzte gizonentzat eta emakumeentzat. 2050erako 10,5 milioi lanpostu gehigarriri buruz hitz egiten dut”, zehaztu du.

Artolazabalek zainketen banaketaz ere hitz egin du, gizonen inplikazioarekin; emakumeak ahalduntzeaz, balioak aldatzeko hezkuntza-zentroetan programekin berdintasunean hezteaz, emakumeentzako bizitza librea eraikitzeaz…

“Emakumeek enpresetan duten presentziak errendimendua, kalitatea eta antolaketa hobetzen ditu. Hain zuzen, garapen ekonomiko handiena duten herrialdeak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-maila handiena duten herrialdeak”, esan du Eusko Jaurlaritzako berdintasuneko sailburuak, eta sailaren programa eta proiektu batzuk ere gogorarazi ditu, hala nola 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko laguntzak eta aitatasun-baimena.

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasankortasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, “Euskadiko enpresa-sareak berezko dituen oztopoez gain, emakumeok geure buruari jartzen dizkiogun oztopoak ere badaude, hala nola egiten dugun laneko segurtasun falta edo ematen diegun balioa. Gure talentuan konfiantza izan behar dugu”. Sailburuak adierazi duenez, “hezkuntza eta kontzientziazioa garrantzitsua da. Pandemiak larriagotu egin du arazoa, STEM eremua desagertu egin baita panorama publikotik. Haurrei eta gazteei lagundu eta aholkuak eman behar dizkiegu”.

Nerea Ibañezek, EnpresariAK-eko presidenteak, bere hitzaldian gogorarazi duenez, “botere-postuen espazioa konkistatu arte, berdintasuna ez da erreala izango”. Ibañezek hezkuntzan lortutako aurrerapena aipatu du, emakumeen ikasketetara sartzearekin batera, “baina ez dugu oraindik saltoa eman”

EnpresariAK-eko lehendakariak kuotei buruz hitz egin du. “Bai, behar-beharrezkoak dira. Ezin dugu beste 125 urte itxaron. Gure talentua eskaintzeko eta herrialde hau leku hobea izan dadin prestatuta gaude”. Artolazabal eta Tapia sailburuek erabat babestu dute baieztapen hori.