Asier Saez de Vicuña, EJIEko zuzendari nagusi berria

0

EJIEko administrazio kontseiluak Asier Saez de Vicuña Ortueta elkarte publiko honetako zuzendari nagusi izendatzea onartu du gaur. Eusko Jaurlaritzako organo kudeatzaile teknologikoaren arduradun berria esperientzia luzeko profesionala da sektorean, eta etxeko pertsonatzat hartzen da, bere ibilbide profesionalaren zati handi bat erakundeko hainbat arlotan garatu baitu.

Saez de Vicuñak (Gasteiz, 1976) ezagutza zabala du gaiari buruz, eta bertatik bertara ezagutzen ditu euskal sektore publikoan informazio eta telekomunikazio teknologien (IKT) zerbitzuak eskaintzen dituen organo honen jarduna eta erronkak. Telefono operadore baten enpresen merkatu eragiketen arloan hainbat urtez aritu ondoren, 2006an EJIEn sartu zen, Eusko Jaurlaritzaren elkarreragingarritasun, izapidetze eta administrazio elektroniko, dokumentu eta artxibo kudeaketa arloetako proiektu-buru arduradun gisa.

Ondoren, 2016an, administrazio elektronikoko zuzendari tekniko izendatu zuten, eta administrazio publikoko aplikazioen, baliabide orokorren eta Lehendakaritzaren laguntza teknikoaz eta mantentze lanez arduratu zen, baita ordainketa pasabidearen eta elkarreragingarritasunaren arloaz ere. 2021ean Gobernu Digitalaren arloko zuzendaritza hartu zuen, EJIEren barruan bere erantzukizunen katalogoa are gehiago handituz.

EJIEko zuzendari nagusi berriak 2013an kargua hartu zuen Alex Etxeberria Aranburu ordezkatuko du, bere lan ibilbidean aro berri bati ekitea erabaki baitu. Elkarte publikoaren administrazio kontseiluak eskerrak eman dizkio Etxeberriari ia hamarkada batez organoaren buru izateagatik, eta aitortu egin du EJIEk zerbitzu publikoak digitalizatzeko, proiektu eta aplikazio informatikoak bultzatzeko eta IKT sistemak mantentzeko denbora honetan egindako ekarpenagatik.