Eva Ferreira:’UPV/EHU funtsezko eragile bat da, euskal gizartearen kohesiorako’

0
PRUEBA

Gaur izan da, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) 2022-2023 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin da. Lehendakaria buru izan duen ekitaldiak ordezkaritza instituzional zabala bildu du, baita euskal sare sozioekonomikoko ordezkaritza esanguratsua ere.

Erakundearen errektore Eva Ferreirak, bere hitzaldian, unibertsitatean garatutako ezagutzak komunikazio eta lankidetzaren bidez lortzen duen gizarte inpaktua nabarmendu du, eta zera azpimarratu du ”Euskal Herrian ez dago eskualde bakar bat ere, non biztanleek ez dituzten zuzenean jasotzen UPV/EHUn egindako ikerketen onurak.”

Gogoratu du, halaber, Euskal Herrian unibertsitate publiko eta orokor bakar bat sortzeko erabaki historikoan bete-betean asmatu zela, izan ere: ”ezagutzen, jakintza adarren, belaunaldien, lurraldeen, enpresen eta erakundeen arteko zubi lana egiten du, eta ezagutzaren egituratze zeregin horretan laguntzen du Euskal Herrian”.

“Aldarrikatzen dut —jarraitu du— unibertsitate eredu humboldtiar bat, eredu bat, ilustrazioaren ideia bat oinarri hartuta, zeinaren arabera herritartasun kontzientzia osoa duten pertsonak prestatuko baitira, aldaketa teknologikoetara egokitzeko gai izango direnak, baita gizarte eta kultura aldaketetara ere, egungo lanbideak ongi beteko dituztenak eta gaur egun ezezagun diren lanbideetan aritzeko gai izango direnak, eta, batik bat, pertsona kultuak sortuko dituena, garaian garaiko gakoak ulertzeko eta kontzientzia kritiko eta autokritiko bat garatzeko gai izango direnak.”

Era berean, errektoreak unibertsitatearen balio handia nabarmendu du, bere zientzia sarearen osasunaren adierazle gisa: ”Gogoratu behar dugu bereizezinak direla zientziaren osasun egoera eta unibertsitatearen osasun egoera. UPV/EHUren osasun egoera oso ona da, baina hobetzeko eskatu behar diogu, eta ezagutzaren egituratze zeregin horretan lagundu dezala Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzen, berrikuntzan, kulturan eta gizarte ongizatean.”

Bestalde, erakundearen idazkari nagusi Aitor Zurimendik unibertsitateak aurreko ikasturtean egindako jarduera biltzen duen memoria irakurri du.  Haren azalpen luzean, inguru ekonomikoarekiko harremanen atalean, zera adierazi du: ”enpresekin 11,57 milioi eurotik gorako kontratuak egin dira; 18 enpresa berri eratu dira, estatuko bigarren unibertsitatea izanik arlo horretan; 98 patente inskribatu dira, Euskadin egindako bi eskaeretatik bat, eta 69 lizentzia sinatu dira; gaur egun, 32 unibertsitate-enpresa ikasgela ditugu, eta horietatik bost joan den ikasturtean sortu ziren.”

Ordezkaritza zabala 

Enpresa eta Ekonomia Fakultateko irakasle, Leire San Jose, egin du ikasturte hasierako hitzaldia, ‘Del propósito al impacto: Monetizar el valor social de las partes implicadas’ izenburupean.

Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Denis Itxaso, Espainiako Gobernuko ordezkaria, Iñaki Subijana, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea; eta Carmen Adán. EAEko fiskal nagusia. Bertan ere izan dira Jose Mª Guibert eta Bixente Atxa Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, hurrenez hurren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko gobernu taldeetako ordezkariak.

Gainera, Manuel Montero, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Nekane Balluerka errektore ohiak ere bertaratu dira, baita mundu akademikoaren, sare sozioekonomikoaren eta Eusko Legebiltzarreko alderdien ordezkaritza zabala ere.

2022-2023 ikasturteari buruzko datuak

2022-2023 ikasturtean eskaintzen diren 105 graduetako ia 35.000 ikasleak klasean ari dira dagoeneko. Lehen lauhilekoa UPV/EHUn egingo duten beste unibertsitate batzuetako ikasleak ere heldu dira. Mugikortasun programei esker, Euskal Herriko Unibertsitateak atzerriko edo estatuko 902 ikasle hartuko ditu, eta 2.373 ikasle bidaliko ditu beste erakunde batzuetan ikastera. Azpimarratzekoa da UPV/EHUko graduko lau ikasleetatik batek bere bizitza akademikoan zehar nazioarteko mugikortasun bat egingo duela.

Bestalde, graduondoko ikasketetako matrikula prozesua irekita dago oraindik. UPV/EHUk 108 unibertsitate master eskaintzen ditu aurten. Horietariko hamaikak araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute; zortzi Erasmus Mundus masterrak dira (Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen die bikaintasun zigilu hori), hiruk prestakuntza duala dute, eta beste bost Amerikako unibertsitateetan emango dira, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez.

Halaber, UPV/EHUk graduondoko 65 berezko master eta graduondoko ditu aurtengo ikasturtean. Horietariko 12 berri-berriak dira, eta 23 moduluka egin ahal izango dira, ingurunearen prestakuntza beharretara eta ikasleen bitartekoetara hobeto moldatzeko. Hortaz, egitura modularrei esker, kreditu gutxien dituzten programak batuz gero, maila goreneko titulazioak lortu ahal izango ditu ikasleak.

Azkenik, doktoregoan jakintza adar guztietako 66 programa eskaintzen dira.

Irakaskuntza, ikerketa eta administrazio eginbeharrak aurrera eramateko, 5.500 irakasle-ikertzaile ditu ikasturteon, eta administrazio eta zerbitzuetako 1.900 langile.