Nafarroak 3.626 plazara bitarte gehitu ditu Foru Administrazioko plantillan egonkortuko dituen aldi baterako enplegu-plazak

0

Nafarroako Gobernuak 3.626 plazara bitarte zabaldu ditu maiatzean onartutako enplegu publikorako eskaintzako aldi baterako plazak, herri-administrazioetan behin-behinekotasuna murrizteko Parlamentuan onartutako foru-legera egokitzearren.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartu du beste 39 plaza sartzea Administrazio Gunea izenekoan, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidean eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

39 plaza horiek merezimendu-lehiaketara aterako dira, eta lanpostuen arabera honela banatuko dira: hezkuntza-laguntzako espezialisten 12 plaza, erizainen 7 plaza, administrarien 6 plaza, erizaintzako zainketa laguntzaileetako teknikarien 5 plaza, erizain espezialisten 3 plaza, suhiltzaileen gidari laguntzaileen 2 plaza, suhiltzaileen peoi laguntzaileen plaza 1, sukaldeko laguntzailearen plaza 1, larrialdietako zerbitzu arrunt bateko medikuaren plaza 1 eta larrialdietako zerbitzu bereziko medikuaren plaza 1.

Aldaketa horiek Nafarroako Gobernuak gaur goizean onartutako hiru foru-dekretutan oinarritzen dira.

Aldi baterako enplegurako plazak egonkortzea

Gogoratuko dugunez, Gorte Nagusiek iaz onartu zuten abenduaren 28ko  20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa. Lege horretan, administrazio publikoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesua egitea aurreikusten da, behin-behinekotasuna %8ra bitarte murrizte aldera.

Hori dela-eta, pasa den maiatzaren 25ean, enplegu publikorako eskaintza onartu zuen Nafarroako Gobernuak, 3.588 plazarekin, enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko egonkortzeko ezohiko prozesuaren barnean.

Horren aurretik, Nafarroako Gobernuak 2/2002 Foru Lege Dekretua onartu zuen maiatzaren 23an, egonkortzeko prozesuak egiteko neurriei buruzkoa, Nafarroako araudia estatuko araudira egokitzearren.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak Foru Lege Dekretu hori baliozkotzeaz gain, foru lege proiektu gisa izapidetzea erabaki zuen, presazko prozeduraren bidez. Ondorioz, 19/2022 Foru Legea sortu zen, uztailaren 1ekoa, egonkortzeko prozesuak egiteko neurriei buruzkoa.

Lege horren laugarren artikuluan, egonkortzeko lan-eskaintza publikoan sartu beharreko plazen ezaugarriak zabaldu ziren, eta, horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak gaur onartutako 39 plaza berri sartu dira.

Azkenik, adierazi behar da Nafarroako Gobernuak jada 24 deialdi onartu dituela hainbat lanpostutako 69 plaza betetzeko, merituen lehiaketaren bidez. Foru Administrazioaren aipatu egonkortze-prozesuko lehen deialdia da.