Bilbao Bizkaiak txakolina sustatuko du 5 eskualdetan zehar ibiliko diren autobusekin

0

Bilbao Bizkaiak pauso bat gehiago eman du lurraldera hurbiltzen diren pertsonen artean Bizkaiko txakolina sustatzeko estrategian, lurraldeko bost eskualdetako erakargarri turistiko nagusiak ikusteko bisitak eta eskualde horietako upategiak ezagutzekoak bateratzen dituen ekimen batekin; hari esker, aukera dago ardo horrekin lotutako esperientzia turistiko batean murgiltzeko, era horretako ardo-mota desberdinak dastatzeko eta esperientzia paregabea bizitzeko, txakolinaren ekoizpen eta elaborazioarekin eta haren inguruko jarduerekin lotutako guztia ezagutuz. Bisita horiek Bilbao Bizkaia Txakolibusean egingo dira irailaren 17an eta 18an eta txartelak eskuragarri daude dagoeneko Erreserbatu Bilbao Bizkaia zentralean.

Ekimen horretan parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute eskualde desberdinetako ikono turistikoak ezagutzeko, hala nola: Bizkaia Zubia eta Gaztelugatxeko San Juan Uriben; Orozko eta bere museo etnografikoa Nerbioin; Bermeo, Ekoetxea eta Gernikako Batzar Etxea Busturialdea-Urdaibain; El Pobal burdinola Enkarterrin, eta Elorrio, Argiñeta nekropolia eta Durangoko hirigune historikoa Durangaldean. Era berean, produktuak probatu eta dastatu ahal izango dituzte eskualde horietako bakoitzean, jarduera hori egingo den bi egunetan.

Bilbao Bizkaia Txakolibusa lurraldea bisitatzen dutenen artean txakolina sustatzeko Bilbao Bizkaia Action Group-ek egiten dituen jardueretako bat da. Aurten, jarduera horien artean dago dekalogo bat egitea, dekalogo horrek balio dezan kohesiorako, markaren, balioen, praktika onen komunikaziorako eta erabiltzaileei turismo arduratsurako gomendioak emateko; dekalogo hori laster banatuko da upategietan, turismo-bulegoetan eta turismoarekin lotutako beste leku batzuetan. Halaber, azaroan lan-topaketa bat egingo da, think tank bat, produktu enoturistiko berriak sortzeko eta Bizkaiko Txakolinari buruzko ibilbide bat zehazteko. Gero, ibilbide hori digitalizatu egingo da, hura dinamizatu eta turisten artean sustatzeko.

Guzti horrekin batera, aurten, uztailaren amaieran, press trip bat egin da eta beste bat egingo da irailean, Estatu osoko kazetariekin, txakolin-mota desberdinak eta haiek elikagaiekin uztartzeko modu desberdinak ezagut ditzaten.

Gainera, Bizkaira hegazkinez iristen diren turistek bertako produktuak eros ditzatela bultzatzeko hilabete honetan egiten ari den eta urrian ere egingo den kanpainan sustatzen ari den produktuetako bat da txakolina.