Gasteizko garraio publikoa doan izango da irailaren 22an

0

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostutako neurriak TUVISAren eta tranbiaren zerbitzuetan izango du eragina eta Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean sartuta dago

Ekimena gaur egun indarrean dauden hobariei gehituko zaie. Horien guztien helburua da garraio publikoaren erabilera sustatzea

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostutakoaren arabera, Arabako hiriburuko garraioa erabat doan izango da irailaren 22an. Garraio kolektiboaren erabilera bultzatzea xede duen ekimena TUVISAren hiriko autobusak eta tranbiak erabiltzen dituzten pertsona guztientzat izango da baliagarria eta Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen baitan sartuta dago. Gainera, egun berean izango da Autorik Gabeko Europako Eguna.  Egun horretan, doakoak izango dira TUVISAren linea guztiak, BEI eta tranbia-sare osoa. Erabiltzaileek ez dute salbuespen hori eskuratu ahal izateko ezer berezirik egin beharko. Izan ere, nahikoa izango da erabili nahi dituzten ibilgailuetara igotzea.

“Garraio publikoa funtsezkoa da hiri jasangarri eta energia kontsumoaren aldetik efizienteagoa lortzeko. Eta horregatik Gasteiz, beste euskal administrazioekin batera, urteak daramatza garraio publiko sarearen modernizazio eta luzapenean lana egiten, sarea lehiakorragoa izateko, eta azken astetan prezioak hobetuz erabilera bultzatzeko. Irailaren 22an TUVISA eta tranbian bidai guztiak dohainik izango dira”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioko sailburuak, Iñaki Arriolak, nabarmendu duenez, “garraio publikoa ezinbestekoa da hiritar guztien mugikortasunerako eskubidea bermatzeko. Gainera, klima-aldaketaren aurkako tresna boteretsua da eta hiritarrek, erakundeek eta enpresek defendatu eta bultzatu beharrekoa da hori. Hori aldarrikatzeko modurik onena da, hain zuzen ere, garraio kolektiboa erabiltzea eta, horregatik, pertsona guztiak animatu nahi ditugu tranbia zein hiriko gainerako garraiobideak modu masiboan erabiltzera bere garraio publikoaren kalitateari eta irisgarritasunari bere balioa emango dion doako jardunaldi honetan”.