Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua arautzen duen foru lege proiektua onartzen duen akordioa hartu du. Bertan, bere eskubideak zabaltzea eta babesa indartzea proposatzen du, baita merkataritza digitalean ere.
Lege-proiektu honen bitartez, Foru Exekutiboak 2006an onartutako araudia eguneratu nahi du, egungo errealitate sozialera, Europar Batasunaren ingurunera eta Agenda 2030era egokitzeko helburuarekin. Gainera, kontsumo arduratsua sustatzea ez ezik, saltzailearen eta kontsumitzailearen artean elkarrekiko informazio-kultura integratzea ere nahi da.
Era berean, testu berrian, kontsumo-merkatuan teknologiak hartu duen garrantziarekin lorturiko alderdiak ere arautzen dira; hala nola, internet bidez erosketak egitea eta distantzia luzeko kontratazioak edo establezimendu komertzialaz kanpokoak gehitzea.
Lege-proiektua Nafarroako Parlamentura bidaliko da orain, eztabaidatu eta bozka dezaten, eta, bertan, kolektibo ahulenen babesa indartzea ere azpimarratzen da; hots, haurrak, nerabeak, adinekoak eta alergiak edo elikadura-intolerantziak dituzten pertsonak, besteak beste.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak
Zehazki, lege-proiektu honetan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak jasotzen dira; hain zuzen ere, haien osasuna edo segurtasuna ez ezik, haien interes ekonomiko eta sozial legitimoak ere konpromisoan jar ditzaketen arriskuen aurrean babesteko eskubidea. Halaber, babes juridikoa, administratiboa eta teknikoa jasotzen dira, prozedura eraginkorren bitartez, bereziki gutxiagotasun-, mendekotasun-, babesgabetasun- edo diskriminazio-egoeretan.
Horrez gain, honako hauek sartzen dira: jasandako kalte-galeren benetako konpentsaziorako, konponketarako eta ordainerako eskubidea; kontsumo-arloko informazioa, hezkuntza eta prestakuntza; eta interes orokorrak ordezkatzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen inguruan legez eratutako erakundeen bidez.
Belaunaldi berriko eskubideak
Bestalde, testuan belaunaldi berrikoak deitzen diren eskubideak gehitzen dira, eta horietako asko garapen iraunkorreko helburuekin lerrokatuta daude. Batetik, ingurumen osasungarri baterako eskubidea aipatzen da, garapen iraunkorra sustatuko duen kontsumo arduratsua gauzatzeko beharrezko baldintzak bultzatuko dituena; eta bestetik, elikadura-subiranotasunarekin loturiko eskubidea, tokiko eta garaiko produktuak kontsumitzea eta kontsumo arduratsua egitea, janariak alferrik galtzea prebenituta.
Era berean, funtzionaltasunaren bermearen eskubidea adierazten da, ondasun edo zerbitzu guztietatik espero den bizitza baliagarriaren zikloaren arabera; eta produkzio- eta kontsumo-eredu etiko eta iraunkorren arabera lortutako ondasun edo zerbitzuak eskuratzeko eskubidea.
Eskubide horiek bermatzearren, foru-legeak babes-mekanismoen zerrenda bat eman du, eta horien artean, batetik, gatazken judizioz kanpoko ebazpena nabarmentzen da, tartean bitartekaritza eta arbitrajea; eta, bestetik, merkatuaren zaintza.