Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Antonio Trueba BHIaren eraikin berriak eraikitzeko obra-lizentzia eman zaio. Ikastetxea institutuak urteetan zehar okupatu duen orube berean eraikiko da eta lau solairu izango ditu (behekoa, gehi beste hiru maila) eta parking bat erdisotoan, eta gimnasio bat eta kirol-pista estali bat eta beste bat aire zabalean.
Gogoratu beharra dago, etenik gabeko 53 urteko jardueraren ostean, Antonio Trueba BHIaren eraikina utzarazi egin zela 2018ko abenduaren 4an, egiturari zegozkion arazoengatik. Ikasleak, gaur egun, Minas Unibertsitate Eskola zaharrean daude. Bere egunean institutuak okupatzen zuen orubea, berriz, hutsik dago, instalazio zaharrak eraitsi ostean.
«Batzuek lurzatiaren erabileraren inguruko zalantzak zabaldu zituzten, baina guk ez dugu zalantzarik izan inoiz. 2019ko otsailean, Udaleko osoko bilkurak PSE-EEren mozio bat onartu zuen, zeinak Antonio Trueba BEHI orube berean mantentzea bermatzen baitzuen. Zehazki, adostu zen Udalak lurzorua birkalifikatuko zuela beste zeregin batzuetara bideratzeko (egoitzakoak edo bestelakoak), eta baieztatu zen bertan berriro institutua altxatuko zela», azaldu du Pizarrok.
Eraikin berriak L itxura izango du eta bere fatxada nagusia Aldapa kalearen paraleloan egongo da, eta bertatik oinez sartu ahalko da. Higiezinaren luzapen gisa, gimnasioa eta pista estalia egongo dira, eta horiek Dolores Ibarruri bidegorriari itsatsitako bloke karratu bat osatuko dute.
Institutuak 9.495,89 metro karratuko azalera eraikia izango du. Eraikin nagusiaren beheko solairuan zerbitzu komunak egongo dira: jantokia, bulegoak, sukaldea, aldagelak eta bilera-gelak. Goiko hiru solairuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko gelak egongo dira, bai eta laguntza- eta banaketa-gelak, laborategiak eta liburutegi bat ere. Erdisotoko parkingak 41 plaza izango ditu, eta beste 3 gehituko zaizkio azaleko zerbitzuetarako.
Lurzatiak lau sarbide izango ditu: horietako bi ibilgailuentzako izango dira, Rubén Darío kaletik, irakasleak eta mantentze-langileak sartzeko; beste bat oinezkoentzako, fatxada nagusitik (Aldapa kalea); eta beste bat mistoa, larrialdietako ibilgailuak patiora sarbide zuzena izan dezaten erabiliko dena eta, gainera, kiroldegira sartzeko aukera emango duena ikastetxea itxita dagoenean.
KALITATEZKO HEZKUNTZA-PROIEKTU BAT
Antonio Trueba BHIarentzat oso garrantzitsua da bere jarduera 53 urtez egon den leku berean berrartzea. Izan ere, ikastetxe publikoa baita estaldura ematen diena Arrontegi, Lasesarre eta Desertu-Urban auzoei eta erdiguneari. «Truebak kalitatezko hezkuntza-proiektu bat duela erakutsi du urteetan zehar. Ikastetxean milaka barakaldar hezi dira, eta gure hiriko hezkuntza-erreferentzia bat bilakatu da», nabarmendu du Pizarrok, zeinak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu baitio bizkortu ditzala, ahal den neurrian, institutua bere jatorrizko kokapenera itzultzeko izapideak.