Barakaldok bide lagunkinak sortu ditu bizikleta errepidean ikusgaiagoa izan dadin

0

Gaur hasi da Mugikortasun Jasangarriaren astea eta Barakaldoko Udalak lanean jarraitzen du bizikletak hirian presentzia handiagoa izan dezan. Gaur goizean bertan abian jarri da hori bera helburu duen proiektu bat; hain zuzen ere, bizikleta garraiobide jasangarri gisa ikusarazteko helburua duen proiektua, bide lagunkin izeneko proposamenaren bidez bizikletak errepidean duen presentzia handituz. Barakaldoko Euskadi Etorbidean eta Economía, La Torre, Ramón Rubial eta Gernikako Arbola kaleetan jarriko dira bideok, eta ibilbide hori Dolores Ibarruri bidegorriarekin lotuko dute. Jon Andoni Uriak, Auzoentzako eta Hiriarentzako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, hala azaldu du:«Ez dira bidegorriak berez. Hau da, ez dira bizikletentzat mugaturiko bideak, baizik eta hirian zehar mugitzeko bizikleta erabiltzea aukeratzen duten pertsonak ikusgaiago eta seguruago senti daitezen sorturiko espazioak».

Neurria azken Aurrekontu parte-hartzaileetan aurreikusi zen. Horietan, bizikletentzako eta patineteentzako bideak pintatu eta seinaleztatzeko proposamenak 525 aldeko boto izan zituen, eta proposamenik bozkatuenetakoa izan zen. Horregatik, azken hilabeteotan lanean izan dira martxan jartzeko.

Bestalde, Barakaldok mugikortasun jasangarriaren erdigune bihurtzeko asmoa du, hirian bizikletari lotuta proiektatuta dauden ekimen estrategikoei esker. Joan den abuztuan zehar Bilbo eta Barakaldo Burtzeña eta Zorrotzaren bidez lotzeko bidegorriaren obrak hasi ziren. Horrez gain, Bizkaibizi proiektua urtearen bukaera baino lehen martxan jartzea espero da. Proiektuari esker Barakaldok hiriko auzoetan zehar banatutako alokatzeko 200 bizikleta elektriko izango ditu, inguruko bederatzi udalerritan mugitzeko aukera emango dutenak. Bukatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletentzako eta oinezkoentzako zubi bat eraikitzeko asmoa du, ibaia gurutzatu eta Barakaldo eta Erandio lotuko dituena, udalerria Eskuinaldearekin konektatzeko.

«Mugikortasun jasangarria sustatzeko hainbeste proiektu izanda, uste genuen hiria bizikletarekin lagunkinagoa izateko prestatzen hasi behar genuela. Ez dugu toki guztietan bidegorriak egiterik, ez baitago denetarako tokirik, baina garrantzitsutzat jo dugu jendea kontzientziatzea, eta bereziki gidariak, ohartarazteko errepidea badela ere bizikletentzako pentsatutako espazioa», adierazi du Uriak. «Seinaleztatze berri honekin, bide lagunkin hauekin, bizikleta ikusarazten dugu errepideetan, bi helburu nagusirekin: gidariak ohartaraztea, batetik, eta bizikletariak seguruago senti daitezen bermatzea, bestetik», zehaztu du zinegotziak.

HIRU HILABETEKO LANAK
Bide lagunkin horiek sortzeko kaleak asfaltatuko dira lehendabizi, ondoren errepidearen erdian marra zuriak eta bizikleten irudiak pintatzeko. Bide lagunkinak Euskadi Etorbidean eta Economía, La Torre, Ramón Rubial eta Gernikako Arbola kaleetan egongo dira. Gainera, bideok Dolores Ibarruri kaleko bidegorriarekin lotuko dira Zuloko taldearen aurreko oinezkoen bidean egingo den bizikleta-bide baten bidez.

Horiez gain, Ferrerías eta Juan de Garay kaleak aglomeratuko dira, baita azoka txikiaren ondoko Bakea kalearen zatia ere. Gurutzetako azken zatia asfaltatzeko lanak gauez egingo dira trafikoan oztoporik ez sortzeko. Lan horiek guztiak hiru hilabetetan bukatzea espero da. Jarduketaren aurrekontua 444.430,69 eurokoa da.