EUN enpresak aurrera pauso bat eman nahi du biltegiratze adimenduna eta espazio optimizatuak eskaintzeko

0

EUN elementuak modu eraginkorrean gordetzeko eta kudeatzeko aditua den enpresa bat da, espazioen optimizazioan oinarrituta. Arduradunen arabera, bezeroek hiru ezaugarri nagusi bilatzen dituzte beren produktu eta zerbitzuetan: espazioa ahalik eta gehien optimizatzea, gordetzeko erabiltzen diren altzariak integratzea eta espazio hori hobetzea, eta edukien kudeaketa ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez, jasangarria izatea. EUNek apalategiak, armairuak eta bertikalki gordetzeko produktuak eskaintzen ditu, EUN Logic softwareaz gain, edukiak eta edukitzailea kudeatzeko erabiltzen dena. 

Bere produktuak hainbat lekutan aurki daitezke: artxiboetan, museoetan, Ikea edo Coca-Colaren moduko bulegoetan, Lacoste dendetan, liburutegietan edo Atletico Madrilen Wanda Metropolitano estadioan, besteak beste. Gaur egun, 85 langile ditu Beasainen (Gipuzkoa) eta Mexiko Hirian dituen lantegien artean banatuta. Gainera, sare komertziala bat ere badu, hainbat hiritan kokatutako pertsonekin. 

Aspaldidanik, EUNek modu eraginkorrean optimizatu nahi ditu bere produktuak eta prozesuak, eta “prozesu horretan beharrezkoa da guretzat eraldaketa digitala”, azaldu du Alberto Lorenzo Mitxelenak, EUNeko CEOak. Horregatik, gordetzeko altzariak eskaintzeaz gain, enpresa gipuzkoarrak bere bezeroen instalazioak ‘EUN Logic’ softwarearekin osatzen ditu, produktuak adimendunak bihurtzeko eta zerbitzu askoz automatizatuagoa eman ahal izateko. “Espazio adimendunak sortu nahi ditugu beti, eta EUN Logic-ek aukera ematen dio erabiltzaileari bere artxibo edo biltegira urrutitik sartzeko, bilatzen ari dena askoz ere denbora laburragoan aurkitzeko, trazabilitateak eta inbentarioak denbora errealean ezagutzeko, gorde-espazioetan lehentasunak sortzeko, eduki fisikoen erreplika digitalak kudeatzeko, gordetzeko espazioak zein erabiltzaileen kudeaketa-ibilbideak optimizatzeko, etab.”, nabarmendu du CEOak. 

Gipuzkoako konpainiak garatu berri duen funtzio anitzeko armairu sorta berri batek 430 Galileo du izena. Horren bidez, bulegoko altzaria erabiltzeko modu berri bat bilatzen dute arduradunek: “Funtzionaltasun gehiago ematea bilatzen dugu (4.0 sarrailak, ordenagailuak, mobilak eta patinete elektrikoak kargatzeko elementuak, pantailak, arbelak, argiztapena, etab. ). Horrez gain, 430 Galileo ez da elementu estatiko bat, altzari birmoldagarri bat da, obraren beharrik gabe hainbat espazio sor ditzakeena, hala nola bilera-gela bat, espazio informalago bat, lantoki bat…”, gaineratu du Lorenzo Mitxelenak. 

EUNek hiru eremu geografiko handitan lan egiten du. Lehena Iberiar penintsula da. Bigarrenak Europa (Eskandinavia, Frantzia, Belgika edo Suitza), Ipar Afrika eta Ekialde Ertaina hartzen ditu. Azken toki horretan, konpainiak aliantza bat du tokiko partner batekin, zehazki Saudi Arabian, eta ekimen horretan SPRIren laguntza izan zuen Sakondu programaren bidez. Eta hirugarren eremua merkatu mexikarra eta Latinoamerikarra da, non EUNek filial bat duen duela 18 urtetik. Horretarako sustapen-lanetan ere SPRIk babesa eman dio. 

Etorkizunari begira, EUNek “modu digitalean eta jasangarrian aurrera egiten jarraitu nahi du, bai ekonomikoki, bai ingurumen eta gizarte aldetik”, adierazi du Lorenzo Mitxelenak. Gainera, bere beste helburuetako bat oraingoz presentziarik ez duten beste merkatu batzuetara hedatzea da. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.