Espainiako Neurologia Elkartearen (SEN) datuen arabera, oraindik larriak ez diren alzheimer kasuen % 70 diagnostikatu gabe daude. Izan ere, gaixotasunaren detekzio goiztiarrak pazienteen gutxitze-kognitiboa moteltzeko tratamenduak ezartzea ahalbidetuko luke. Horixe da, hain zuzen ere, Geroa Diagnostics enpresaren helburua. Enpresa bioteknologiko hori Gasteizen jaio zen 2015ean, eta dementzia mota horren diagnostikoan laguntzeko tresna bat garatu du.
Zehazki, Geroa Diagnosticsek Alzheimer gaixotasuna diagnostikatzeko gaitasun potentziala duen lehen listu-biomarkatzailea aurkitu eta baliozkotu du. “Gure aurkikuntza nagusia pazienteen listuan proteina bat topatzea izan da, eta horrek aukera ematen du gaixotasuna izatearen berezko arriskua zehazteko”, azaldu du Gorka Orivek, Arabako startuparen sortzaileetako batek eta EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak.
Biomarkatzailea kostu txikiko teknika ez-inbaditzaile batean oinarritzen da, horrelako probak egitea errazten duena. “Prozedura oso erraza da: funtsean listu-lagin bat hartu behar da, eta gaur egun merkaturatu daitekeen kit batekin, proteina horren (laktoferrina) kontzentrazio erlatiboak zehazten dira. Azken finean, arrisku handia dagoen ala ez zehazten laguntzen du”, Orivek adierazi duenez.
Geroa Diagnosticsen lanaren lehen fasea analisi- eta balidazio-azterketa klinikoak egitea izan da, saiakuntza klinikoei atxikitako pazienteei probak eginez. Oraindik ez dira gizarte osora iritsi, Orivek azaldu duenez; izan ere, “bide luzea da, erregulazio-eskakizun garrantzitsuak dituena, baina egia da, halaber, pandemiaren ondoren, batez ere, markatzaile periferiko berriak agertzea joera bat izaten ari dela Alzheimerren gaixotasunean, bai listuari dagokionez, bai odolari dagokionez”.
Ikuspegi horrekin, Geroa Diagnostics-en hurrengo hilabeteetarako helburua produktu berri hori merkaturatzea da. “Ahalegin handia egin dugu erregulazio-bideak aktibatzeko, pixkanaka hainbat herrialdetan teknologia onartzen joan dadin”, ondorioztatu du Orivek.
SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.