Urak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du Abadiñoko N-634 errepidetik Trañapadura industrialdera sartzeko zubi berria eraikitzeko.

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak  hasi berri ditu Abadiñoko (Bizkaia) Trañapadura industrialdera N-634 errepidetik sartzeko zubi berriaren habeak jartzeko prozesua.

Lehen zegoen zubia eraistea amaitu zen: industrialdeko enpresa baterako sarbidea ematen zuen, eta zubiaren  ura hustutzeko ahalmena ez zen nahikoa uraldien emarietarako. Orain, 20 metroko argia izango duen zubi berria eraikitzeari ekin zaio. Zubi hori bateragarria izango da Sarria ibaia egokitzeko erabiliko den ibilgu-zabalerarekin, inguruneko uholde-arriskua murrizteko, sekzioa zabalduz.

Beraz, aurretiaz egindako hormigoi aurreatezatuzko 9 habe jarriko dira: 20 metro luze eta metro bateko altuerakoak. Hartara, plataformadun ibilgailu baten bidez garraiatuko dira lanen eremura, eta ertzean kokatutakoa 200 tonako garabi baten bidez banan-banan jarriko dira.

Obra osoaren aurrekontua 1,7M €-koa da (BEZa barne), eta lanak 2023ko otsailean amaitzea aurreikusten da.

Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren pean egindako lanak

Abadiñoko herrigunea Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago (ES017-BIZ-9-1). Zubi hori Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean zehaztutako egiturazko neurrien artean dago.

Proiektuak helburu bikoitza du. Batetik, zubi berri bat sortzea, ur-goraldien emariak ibilgutik aise jario daitezen, eta, Sarria ibaiaren ibilgua handitzen denean, zubi berria eta ibilguaren zabalera berria bateragarriak izan daitezen.

Bestalde, Bizkaiko udalerriko poligono garrantzitsuenetakoaren irisgarritasun-arazoak konpontzeko baliatu da jarduketa, N-634 errepidetik industrialde horretarako sarbidea zuzenean berreskuratuz, eta y Traña-Matiena egun zeharkatzen duen trafiko astuna desbideratuz.  Horretarako, zubiaz gain, errepidearen inguruko bide bat egokituko da, ibilgailuak Trañapadura enpresa-parkean sar daitezen errazteko.

Erakundeen arteko lankidetza

Bi erakundeek sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak zedarritutakoari jarraiki, Abadiñoko Udalak URAren esku jarri zituen jarduketa gauzatzeko behar ziren lurrak, eta 1,2 M € ordainduko ditu, sarbideak eraikitzeko eta urbanizatzeko. Bestalde, Uraren Euskal Agentziak 2021etik 2022ra bitartean egungo zubia eraisteko lanen kostuaren 500.000 € ordainduko ditu, eta berak egingo ditu ibilguaren egokitzapena, zubi berria egitea, ordezkatu beharreko sarbideak berritzea eta eragindako zerbitzuak lehengoratzea.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du.