Basquevolt: “Ibilgailu elektrikoaren produkzio-kostua txikitzea izango da gure erronka handiena”

0

Arabako Teknologi Parkean dauka orain bere egoitza bateria arloko datozen urteetako bilakaera markatuko duen Basquevolt konpainiak. Teknologia propioan oinarriturik, egoera solidoko bateriak ekoitziko dira Miñaoko lantegian, hots, 2030ean Europan martxan egongo diren 40 gigalantegietako batean. Hainbat konpainia eta erakunde  –Iberdrola, CIE Automotive, Enagás, EIT eta CIC energiGUNE– elkartuta sortu da Basquevolt, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gauzak ondo badoaz, lantegia martxan egongo da 2027an, 700 milioi euro baino gehiago inbertituta eta ustez 800dik gora enplegu zuzen sorturik, enpresako kontseilari delegatu Francisco Carranzaren hitzetan.

Duela hiru hilabete izendatu zintuzten Basquevolt-eko arduradun nagusi. Zein da denboraldi horren balantzea?

Oso gustura gaude. Gizartean sekulako inpaktua izango duen erronka teknologiko eta industrial bat dugu aurrean, eta hori akuilu zorrotza da lantalde osoarentzat. Datorren urte eta erdian gure helburu nagusia izango da bateria-belaunaldi berri bat garatzen amaitzea, oinarritzat harturik CIC energiGUNEk materialei eta elektrokimikari buruz metatutako jakintza.

Proiektu hau zergatik da estrategikoa?

Bizi dugun lasterketa global honetan litiozko bateriak funtsezko teknologia bat dira independentzia energetiko gehiago izateko eta erregai fosil gutxiago erabiltzeko mugikortasunean eta argindarraren sorkuntzan. Dentsitate energetiko egokia duten litiozko bateria seguruak garatzen direnean merkatuaren premiekin bat datorren kostu batean, %100ean desblokeatuko da elektrifikazio prozesua hainbat sektoretan, hala nola energia berriztagarriaren sorkuntzan, automobilgintzan, aeronautikan edota burdinbide edo itsaso bidezko garraioan. Produktu kritikoa izango dira Europak CO2 murrizteko jarri dituen helburuak lortzeko mugikortasun arloan eta independentzia energetiko handiagoa izateko.

Nola azalduko zenuke zer den egoera solidoko bateria bat?

Litiozko baterien egungo teknologiak iritsia du jada bere umotasun puntua, baina ez du lortu ez kostu egokirik ez eta behar besteko biltegiratze-gaitasunik aplikazio erabat elektrikoen erabilera segurtatzeko sektore  askotan. Zentzu horretan, Basquevolt-ek egiten dituen egoera solidoko eta erdi-solidoko bateriak konponbide egokia izan litezke auto elektriko merke eta seguruago bat lortzeko, eta gainera autonomia handiagoarekin.  Beraz, mundu mailako lasterketa honetan helburu nagusia da zelda bat lortzea ahalik eta merkeena, ahalik eta energia gehien biltegiratuko duena, eta ahalik eta seguruena.

Zuen enpresaren kasuan, zertarako erabiliko dira nagusiki belaunaldi berriko bateria horiek?

Gure helburua da teknologia bat garatzea balioa erantsiko diena biltegiratze egonkorraren industriari eta mugikortasunarekin lotutako sektoreei (lurreko, itsasoko zein aireko garraioak).

Euskal ekosistema industrialean haizeak alde jotzen du horretarako?

Euskadin garraioak paper estrategiko eta transbertsala dauka ekonomian. Tokiko sektore industrial oso garrantzitsua da, energia kontsumo handia daukana eta petrolioaren eratorrien menpe dagoena oso. Mugikortasun elektrikoa lehen urrats bat da euskal ekonomia deskarbonizatzeko bidean funtsezkoa den sektore bat egokitzen hasteko. Teknologia hori garatzeak abantailak ekarriko lituzke epe ertain eta luzean, eta lagunduko luke trantsizio energetikoa bultzatzen Euskadiko industrian, oro har.

Zein tamainatakoa izango litzateke zelda hori?

Txikitxoagoa, baina, egia esan, bezero bakoitzaren premien arabera izango da hori. Zeldak prisma  edo zilindro formatukoak izan daitezke.

Eta noiz hasiko zarete fabrikatzen?

Gure asmoa da lehen produkzio-lerroa martxan izatea 2027an.

Zuen bezeroen artean aurkitzen al dira, hurbiltasunez, interesez eta tamainaz, Mercedes-Benz enpresak Gasteizko lantegian muntatzen dituen furgonetak?

Oraindik goizegi da bezeroekin lanean hasteko. Aurrena frogatu beharra daukagu badugula teknologia bat merkatuko premiei erantzuten diena. Merkaturatze-aurreko fase hori 2024an abiatuko dugu.

Hogei urtez automobilgintza sektorean bildu duzun esperientzia profesional zabal horren talaiatik,  nola ikusten duzu egungo egoera?

Automobilgintzaren industriak une zailak igaro ditu azken urteotan, 2019an hamasei milioi ibilgailu saltzetik gaur egun hamaika milioi saltzea aurreikusteraino. Merkatuaren murrizketa nabarmen horrek kanpoko arrazoiak izan ditu, besteak beste: COVIDaren inpaktua, mikrotxipen murrizketa, lehengaien inflazio-maila edo energiaren prezioa…, eta eragile guztiak behartu ditu egokitzera. Beraz, datozen urteetako erronka handiena izango da ibilgailu elektrikoen produkzio-kostuak txikitzea, mugikortasunerako konponbide ahalik eta merkeena eskaini ahal izateko.