Eusko Jaurlaritzak berriz ere HABEri eman dio 2022-2023 ikasturtean Ertzaintzako agenteak euskalduntzeko ardura

0

Gobernu Kontseiluak gaur eman du 2022-2023 ikasturtean lan-orduz kanpo Ertzaintzako agenteei formakuntza emateko HABE – Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin ezarritako akordioa berritzeko oniritzia.

HABEK aurrez aurreko ikastaroak nahiz nork bere kasa ikasteko modalitatekoak antolatuko ditu polizia-errolda euskalduntzeko, era horretara, gizartearekin harremanak euskaraz izateko eta, horren bidez, herritarrei zerbitzu hobea emateko Ertzaintzan gero eta handiagoa den eskaerari erantzun ahal izateko.

Akordio honek 600.000 € izango ditu, eta euskaldundu nahi duten agenteen matrikulak eta tasak ordaintzeko izango dira.

Elkarlanean 2017tik

HABE erakundea eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila 2017tik ari dira elkarlanean, urte horretan ezarri baitzen urtero berritzen joan den lehenengo hitzarmena. Luzatzeko aukera agortu denean, orain Kudeaketa Mandatu berri hau bideratuko da eta aurreko edizioetakoen helburu bera izango du.