Lehendakariordeak bat egin du Alemaniako Kantzilertzako buruarekin energia-krisiaren aurrean Europak izan behar duen elkartasunarekin

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia Alemaniako Gobernu Federaleko Kantzilertzako buru eta Gai Berezietako ministro Wolfgang Schmidt-ekin bildu da. Germaniar herrialdeak energia-mendekotasunagatik dituen zailtasunak egiaztatu ditu, eta egoera horretan Europaren elkartasunaren beharrarekin ados egon dira.

Schmidt-ek Olof Scholz buru duen Kantzilertzaren egoitzan hartu du Lehendakariordea Berlinera egindako bisita aprobetxatuz; Friedich Ebert Fundazioak gonbidatuta, Idoia Mendiak legegintzaldi honetan enplegu-berrikuntzaren arloan Euskadin arrakastaz probatu diren politikak azaldu ditu.

Kantzilertzako buruak, Alemaniako Gobernuaren politika guztiak koordinatzen dituenak, Lehendakariordearekin kontrastatu ditu Alemaniako eta Euskadiko gizarteek dituzten ziurgabetasunak eta Espainiako erakundeek, Euskadikoek barne, solidarioak izan behar dutela Alemaniari neguko energia-krisia gainditzen laguntzeko. Alde horretatik, Mendiak azpimarratu du “Europako proiektu bateratuaren esparruan ezinbestekoa den elkartasunaz” gain (horri buruz ere hitz egin da), laguntza hori “estrategikoa” dela Euskadirentzat, euskal ekonomiaren merkatu nagusietako bat baita.

Bileran Alemaniaren eta Euskadiren arteko produkzio-sarearen antzekotasunei buruz hitz egin da. Biek Industria-presentzia handia dute, eta ETEak dira nagusi. Era berean, Kantzilertzako buruak eta lehendakariordeak armarri sozialeko politiken, enplegu-berrikuntzako politiken, Europako erronka handien, gobernantzaren eta migrazioaren inguruko esperientziak trukatu dituzte, besteak beste.