Gasteizek Hiri-eredu Jasangarrien Gailurra ostatatuko du hil honetan

0
PRUEBA

Gasteizek Hiri-eredu Jasangarrien Gailurra ostatatuko du datorren irailaren 29an eta 30ean, Green Capital izan zeneko 10. urteurrena ospatzeko. Ekitaldia Europa Kongresu Jauregian egingo da eta egitarau bete-betea eskainiko du, aipagarriak direlarik hiri-eredu jasangarriei buruzko eztabaidak, mahai-inguruak, erakusketak eta azoka bat ekonomia berdearekin nahiz zirkularrarekin lotutako enpresentzat. Izena emateko epea zabalik dago jadanik.

Eztabaidak eta mahai-inguruak topagune bat izango dira bai adituentzat, bai lehen mailako hizlarientzat eta bai hiritarrentzat. Bertaratuek aukera izango dute hiri-eredu jasangarrien inguruko ideiak eta esperientziak ezagutu eta deskubritzeko eta hizlari eta espezialistekin partekatzeko. Eta parte hartu ahal izango dute baita ere puri-purian dauden gaiei buruzko mahai-inguruetan, besteak beste deskarbonizazioari eta trantsizio energetikoari edo elikadura-jasangarritasunari buruzkoetan.

SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) jardunaldietan parte hartuko du Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyónen bitartez, zeina moderatzaile arituko baita deskarbonizazioari eta trantsizio energetikoari buruzko mahai-inguruan.

Parte-hartzaileen artean izango dira Kristen Dunlop, Klimaren aldeko Berrikuntza eta Ezagutzaren Europako Komunitateko zuzendaria; Mercedes Maroto-Valer, Erresuma Batuko Deskarbonizazio Industrialerako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendaria; Indy Johar, Dark Matter Labs zentroko zuzendari exekutiboa; eta Carlos Moreno, Sorbonako Unibertsitateko zuzendari zientifikoa.

Bestalde, urteurrenaren omenezko erakusketa zabalik egongo da Europa Kongresu Jauregian asteburu osoan zehar.