Lehendakariak Deustuko Unibertsitateko 2022-2023 ikasturtea ireki du

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun zuela, Deustuko Unibertsitateko 2022-2023 ikasturtearen hasiera-ekitaldian buru izan da. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren izan dira Felipe Gómez Isa Zuzenbide Fakultateko irakasle, doktore eta katedradunaren inaugurazioko lezioa eta Deustuko Unibertsitateko errektorearen jarduna eta Lehendakariarena.

Unibertsitateko eragile guztien artean nazioartekotzea gero eta garrantzitsuagoa den ingurune batean, Lehendakariak azpimarratu du unibertsitatearen bikaintasunaren oinarria nazioarteko lankidetzan datzala, eta, horregatik, unibertsitate-sistemaren plan berriak ardatz hori bereziki indartuko duela, unibertsitateen plangintza eta jarduerarako esparru estrategikoa eskainiz. Besteak beste, honako helburu hauek ditu planak: tokiko eremuan nazioartekotzea bultzatuko duen testuingurua garatzeko pertsonak gaitzea; ikerketarako eta transferentziarako prestakuntza-eskaintzaren espezializazioa eta lehentasuna bultzatzea; eta aliantzak sustatzea, nazioarteko lurraldeekin eta unibertsitate-sistemekin akordio estrategikoak indartuz.

Deustuko Unibertsitateak osatzen duen UNIC Europako Unibertsitatea Europako unibertsitate-agendaren funtsezko zatia da. Lehendakariak nabarmendu du UNIC erakundeak Deustuko Unibertsitatearen proiektua indartzeko duen zeregina, “Europako garapenaren dimentsioa eskaintzen diolako”, eta, gainera, proiektu horrek indartu egiten duelako Deustuko Unibertsitatearen balioak Europako gizartera transferitzea. «Ikasi eta ekarpenak egiten ditugu», adierazi du.

Ikasturte hasiera honetan, Lehendakariak unibertsitateek eta Jaurlaritzak elkarrekin egiten duten bidean ere jarri du arreta, “konpromiso soziala, lankidetza eta berrikuntza lortzeko bidean. Gure gizartearen erronkei hobeto erantzuten lagunduko digun bide bat, belaunaldi gazteenen beharrei begira. Pertsona ardatz duen eta eraldaketa betean dagoen mundu honetan baliabiderik egokienak eskaintzen saiatzen den bidea”. Hala, nabarmendu du oso garrantzitsua dela unibertsitatea ekintza publikoaren ikuspegi integral eta integratuan sartzea eta herrialde gisa ezarri diren helburuak batera betetzea. Zehazki, adostutako Plan Estrategiko berria “unibertsitatearen eta Jaurlaritzaren arteko kontratu sozial bat da, euskal gizartearentzat funtsezkoa den esparru batean, etorkizunari begira”.

Bilboko Kanpusean egin da ekitaldia, eta bertan izan dira lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Diputatu Nagusi Unia Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui eta Bilboko Alkate Juan Mª Aburto. UPV/EHUko Errektorea, Mondragon Unibertsitateko Errektorea eta TECNUMeko Zuzendaria ere gerturatu dira.

Deustuko Unibertsitateko eskaintza akademikoa

Deustuko Unibertsitateak 2022-2023 ikasturteari ekingo dio, graduko 9.120 ikasle baino gehiagorekin, eta horietatik 2.467 ikasle berriak dira. Orain arte, gradu, graduondoko eta doktoregoko 10.413 ikasle ofizial ditu Unibertsitateak. Gainera, lehen lauhileko honetan nazioarteko 605 ikasle hartu ditu, eta bigarren lauhilekoan espero dituenekin, ikasturte honetan nazioarteko 1000 baino gehiago izango dira.

Gradu kopuruari dagokionez, Deustuko Unibertsitateak 30 gradu eskaintzen ditu -horietako 1 gradu duala da eta 6 ibilbide duala-, 16 gradu bikoitz, 4 titulu propio eta teologia arloko 2 titulazio ofizial.