Lehendakariak: «Gogora ekarri eta gogoan hartzeak gizatiartu egiten gaitu»

0

Lehendakaria COVID-19aren biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionalaren buru izan da. Ekitaldi hori hirugarren urtez egin da Gasteizko Sempervirens parkean. Han, biktima guztien oroimenez landatutako sekuoia gaztearen aurrean, Iñigo Urkulluk ziurtatu du oroitzeak eta memoria egiteak gizatiartu egiten gaituela, biktima bakoitzarekiko hurbiltasuna errotzen laguntzen digula.

Lehendakariak adierazi duenez, tunel luzearen amaiera hurbilago dagoen arren, pandemian jarraitzen dugu oraindik, eta gogorarazi du Euskadin 7.937 pertsona hil direla bi urte eta erdi hauetan. “Kopuru horren atzean familiak eta pertsonak daude. Banan-banan gogoratu nahi ditugu”- esan du.

Adierazi duenez, ahanzturak eragiten duen“norberekeriaren” osagaiari aurre egiteko modu bat da oroitzea, eta oroitzeko borondateak “enpatia eta elkartasuna” dakarrela gehien sufritu zutenekin. “Ez dugu ahanztura indibidualista nahi. Oroimen komunitarioa nahi dugu”- adierazi du.

Bere hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak eskerrak eman dizkie osasun-arloko, arlo soziosanitarioko eta funtsezko zerbitzuetako profesionalei, eta boluntariotzaren eta erronka horri erantzun zibikoa emateko konpromisoa hartu zuten pertsonen ahalegina aitortu du.“Zuhaitz gazte honek bizitza irudikatzen du. Batu gaituen guztia. Elkarlanaren indarra eta guztion ongiaren espiritua adierazten ditu. Itxaropenaren indarra da. Hauxe da Sempervirens espiritua: etorkizunari itxaropenez begiratzea, jasandako sufrimendua ahaztu gabe”- esan du amaitzeko.

Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejería, Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi, Arabako ahaldun nagusi Ramiro González, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta gizarte zibilaren ordezkaritza bat izan dira omenaldian.