Pausoz Pauso, gehiegizko pisua duten haurrentzako programa

0

Donostiako Udala, tokiko osasun-politika bat garatzeko asmoz, aitzindaria izaten ari da haurren obesitatea prebenitzeko estrategia bat bultzatzen. Pausoz Pauso du izena.

Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak adierazi du beharrezkoa dela “haurrei eta haien familiei ikusaraztea elikadura egokia zer garrantzitsua den, gehiegizko pisurik ez hartzeko, hori, etorkizunari begira, beste osasun-arazo batzuetarako atea izaten baita. Barazkiak, fruta eta elikagai orekatuak kontsumitzeko ohiturak hartzea, azukrea, koipe prozesatua eta frijituak hartu ordez, funtsezkoa da gizarte osasuntsu bat izateko”.

Gehiegizko pisua tratatzeko programa unibertsala, prebentziozkoa eta doakoa da, eta Donostiako familia guztiei eskaintzen zaie. Donostiako Osakidetzako lehen mailako arretako erizainekin eta pediatrekin lankidetzan gauzatzen da, haiek egiten baitute neska-mutilen eta haien familien baheketa, errekrutatzea eta jarraipena. Pausoz Pauso izeneko ekimenak lehen mailako arretako pediatria-kontsultak espezialista diren dietista-nutrizionistekin koordinatzen ditu. Hauek, talde-lantegien bidez, familien bizi-ohitura osasungarriak sustatzen parte hartzen dute, eta Donostiako Udalak estrategia hori errazteko eta laguntzeko rola hartzen du.

Programa 9 eta 13 urte bitarteko gazteak dituzten familiei zuzenduta dago. Segidako 9 astetan, 9 lantegi egiten dira, ordu eta erdikoa bakoitza. Horietaz gain, errefortzuko lantegiak ere egiten dira, lau hilean behin. Hau da, guztira 12 saio dira.