Berrikuntza eta digitalizazioa bizkortzea eta nazioartekotzea bultzatzea, Calderería Aitzgorriren helburuak

0

Caldedería Aitzgorri, 1990an sortua, galdaragintza ertain eta astunean aritzen da, industria handian zentratuta. Gipuzkoako enpresak egitura metalikoak egiten ditu eta bere espezialitatea plano azpiko piezak dira, batez ere altzairu eta herdoilgaitzezkoak. Bere helburu nagusia era guztietako pieza eta eraikuntza metalikoak planopean ekoiztea da. 

“Bezeroaren planoetatik abiatuta, multzo osoa zatikatzen dugu, muntaia- eta soldadura-sekuentziak ezarriz. Gainera, proiektuaren kudeaketa osoa eskaintzen dugu”, Eider Iztueta Labayen Caldedería Aitzgorriko gerenteak zehaztu duenez. Garapena, galdaragintzako fabrikazioa, ikuskapenak, tratamenduak, mekanizazioak, pintura eta bezeroaren instalazioetan entregatzea dira enpresak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak, bezeroen behar guztiak asetzeko.  

Enpresak hiru helburu estrategiko ezarri ditu etorkizunari begira. Konpainiaren arduradunak azpimarratu duenez, “berrikuntza eta digitalizazioa bizkortzea, nazioartekotzea bultzatzea eta dibertsifikazioa indartzea sektore berrietara hedatzeko. Eta, nabarmendu duenez, “une honetan eraldaketa digitaleko fase batean murgilduta gaude”.

Calderería Aitzgorri-n “berrikuntza oso garrantzitsua da, izan ere, berrikuntzak enpresaren lehiakortasuna hobetzen du, eta, horren bidez, helburu estrategikoak bultza ditzakegu”, Iztueta Labayenek dioenez.  

Merkatu berrietara hedatzea 

Euskal enpresak hainbat sektoretarako lan egiten du, hala nola automobilgintzarako, prentsa, mahai edo oinarrietarako zutabeak fabrikatzen; makina-erremintarako, zutabeak egiten (karkasak, haizagailuak, gordailuak, bankadak); jasotze-industriarako (polipastoak, koilarak, olagarroak); altzairutegietarako (labeak eta birjartze-piezak) edo pieza hidraulikoen industriarako (bastidoreak, gordailuak, bankadak). Enpresak Estatuko merkatuan jarduten du nagusiki, “baina pixkanaka-pixkanaka Alemanian sartzen ari gara”, gerenteak aitortu duenez. Merkatu berrietara hedatzea planteatzen ari da, eta, horretarako, “komertzialki prestatzen ari gara”. 

Gaur egun, 18 pertsonak osatzen dute enpresaren lantaldea. “Langileen egonkortasuna sustatzen dugu, esperientzia handia lortzeko eta, horrela, egungo merkatuaren eskakizunekin bat datorren kualifikazio profesional handia lortzeko”, azpimarratu du Eider Iztuetak. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.