Astekonomiak kanpo-merkataritzan, etxebizitzen salmentan eta abuztuan euskal hoteletan igarotako gauen balantze azpimarragarrian jarri du arreta

0

Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen errepasoan, Astekonomiak uztaileko kanpo-merkataritzan jarri du arreta aste honetan; izan ere, esportazioei dagokienez zifra errekorrak lortu dira. Inportazioekin ere gauza bera gertatu da. Bestalde, uztailean izandako etxebizitzen salmentan eta abuztuan euskal hoteletan erregistratutako gaualdien balantzean ere jarri da arreta.

Uztailean, atzerrira egindako ondasunen esportazioek % 22,9 egin zuten gora, 2.687 milioi eurora iritsiz. Gehikuntza horren zati handi bat energia-produktuen salmentaren ondorio da, 2021aren aldean hirukoiztu egin baitzen (% 215,9), baina gainerako produktuek ere bilakaera positiboa izan zuten aldi horretan (% 12,3).

Antzeko hilabete batekin alderatuta inoiz baino gehiago esportatu bazen ere, inportazioen marka ere gainditu zen (2.769,6 milioi). Horrek merkataritza-saldo negatiboa eragin zuen, 2014tik ematen ez zena (-170,2 milioi). Neurri handi batean, energia garestitzearen ondorioz.

Bestalde, eta INEk argitaratutako informazioaren arabera, uztailean etxebizitzen salerosketa % 7,3 hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko urtearen aldean. Horren ondorioz, aurtengo lehen zazpi hilabeteetan 14.617 etxebizitza saldu dira, 2007tik erregistratu den guztizko handiena.

Astekonomiak hotel-establezimenduetan igarotako gauei ere ematen die arreta, abuztuan % 7,5 hazi baitziren 2021eko hil beraren aldean. Guztira, joan zen hilabetean 839.000 gaualdi baino gehiago erregistratu ziren, abuztuan inoiz lortu den kopururik handiena.

Ekonomia Zuzendaritzak «Astekonomia» izenarekin egindako asteko laburpen hau minutu bateko iraupena duten bideo hauen —gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena errazteko— oinarria da.