Lehendakariak oztopoak ezabatzearen, pertsonak ahalduntzearen eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzearen alde agertu da

0

Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, Gorabide adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkartearen 60. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian izan da.

Urteurren honetan, Urkulluk aurrera egiten jarraitu nahi du, elkarrekin, oztopoak ezabatzen, pertsonen ahalduntzean, eta gero eta justuagoa, bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa den gizarte bat eraikitzen. Horrela, “orain arte egin dugun bezala”, lanean jarraituko dutela ziurtatu du, “inor atzean ez uzteko”, bereziki pertsona eta kolektibo ahulenen eskubideak eta bizi-kalitatea babesteko eta bermatzeko.

Era berean, Lehendakariak azpimarratu du berdintasunaren eta inklusioaren defentsa etengabeko zeregina dela. “Ezin da arreta jaitsi eta sarean lan egiten jarraitu behar dugu. Aliantzak eta lankidetza-loturak ezarriz. Erakunde publikoen, erakunde pribatuen, gizarte-eragileen eta, batez ere, pertsonen esperientzia eta ezagutza bateratuz”, adierazi du.

Halaber, Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie Gorabide osatzen duten familiei, erabiltzaileei, profesionalei eta boluntarioei, sei hamarkadatan adimen-urritasuna duten pertsonek euskal gizartean duten leku negoziaezina aldarrikatzeagatik eta lortzeagatik.

Gorabidek 60. urteurrena ospatzeko antolatu dituen jardueren esparruan, Artolazabalek elkarrizketa-mahai batean parte hartu du. Mahai horretan, “Sei hamarkada gizarte-zerbitzuen sistemari ekarpena” izenburupean, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru diputatua, Valeria Garcia-Landarte Fevas-Plena Inclusión Euskadiko zuzendari kudeatzailea eta Susana Gorbeña Gorbeña Bizkaiko Foru Aldundiko presidentea ere izan dira.

Beatriz Artolazabalek ere bat egin du jai-giroko ‘paraguata’rekin, eta, desgaitasun intelektuala duten pertsonen erabateko inklusioa aldarrikatzeko, Bizkaia Plazan egin da, eguerdian.