Osakidetzak obrak hasi ditu Aretxabaletako osasun-zentro berrian herritarrentzako arreta hobetzeko

0

Osakidetza Aretxabaletako osasun-zentro berria erreformatzeko eta egokitzeko obrekin hasi da; obra horien bidez, haren instalazioak herritarren asistentzia-premia berrietara egokitu nahi ditu. Eraikin berean ere udal-mailako arreta soziala egongo da, zentro soziosanitario integratua sortzeko.

Inbertsioa 3,5 milioi eurokoa izango da, eta Aretxabaletako osasun-zentroan artatzen diren 7.118 pertsonek eta bertako profesionalek erabiltzen dituzten espazioak modernizatzea eta humanizatzea ditu helburu.

Zentro berria “Basotxo”n egongo da, Aretxabaletako lehengo udal-egoitza geriatrikoan; 2024. urtearen amaieran abian jartzea aurreikusten da.

Jarduketa horiei esker, 5 kontsulta sortuko dira Familiako eta Komunitateko Medikuntzako profesionalentzat eta 5 kontsulta Lehen Mailako Arretako Erizaintzarako.  Gainera, proba funtzionalak egiteko bi gela egongo dira, eta Pediatriako eta Erizaintza Pediatrikoko kontsultaren beharrei erantzungo zaie; horiez gainera, itxarongelak ere izango dira.

Zentroak Ama-haurrentzako Hezkuntzari buruzko prestakuntzarako eta Erditzeko Prestakuntzarako espazio bat izango du, bai eta edoskitze-gela bat ere. Eta Ginekologoaren eta Emaginaren bi kontsulta ere izango dira, bai eta biltegietarako ohiko eremuak, komunak, bilera-gelak eta abar ere.

Zentroko azken solairuan 6 bulego eta bilera-gela egongo dira, Gizarte Zerbitzuak emateko.

Era berean, Eskariaren Kudeaketaren proiektu berriaren barruan –talde-lan bat da eta haren barruan dago Osakidetza, eta, haren bidez, arreta pertsonaliza dadin sustatzearen alde egiten da, konfidentzialtasun- eta segurtasun-bermeekin–, harrera-gune bat aurreikusten da, arreta pertsonalizatua emateko hiru mahairekin, eta arreta berezirako bulego bat.

Zentro hori zentro soziosanitario integratu gisa sortu da, zenbait kolektibok, bai adinekoenek bai gazteenek, bi sareen (sanitarioa eta soziala) baterako zerbitzuak jasotzeko beharra  dutelako.

Ikuspegi soziosanitarioaren beharra are handiagoa da biztanleria pixkanaka zahartzen doala aintzat hartuta. Hala, antolakuntza-ikuspegi berriaren onuradun nagusiak ohiko izapide batzuk –besteak beste, mendekotasun-legearekin zerikusia dutenak edo osasun-informazioa behar duen beste edozein prestazio sozial– egiteko gaur egun zerbitzu batetik bestera joan behar duten herritarrak dira.

Planteamendu horren bidez, profesionalei eman nahi zaie beharrak dituzten pertsonen identifikazioa hobetzeko aukera ematen duen eta zerbitzu egokiak jasotzeko izapideak erraztuko dizkien antolakuntza-eredu bat. Ekimen horri esker, Aretxabaleta EAE osoan proiektu berritzaile horren lehen onuraduna izango da.