Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak kontzentrazioan parte hartu dute gaur, Benidormen gertatutako emakume baten hilketa gaitzesteko. Bihar, halaber, Soraluzen antolatutako elkarretaratzean parte hartuko dute, eraildako emakumea bertakoa baita. Sailburuak gaitzetsi egin du “giza eskubideen urraketa larria”, eta berretsi egin du “emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren sinbolorik latzena” dela, eta, beraz, berdintasunaren alde lan egitea dela indarkeria-mota hori prebenitzeko bitartekorik eraginkorrena. Honekin batera familiari babesa eskaini dio eta indarkeriaren alorreko zerbitzu guztiak euren eskura dagoela gogorarazi die.
Euskal erakundeei ez dagokie kasu horietan abian jartzen den erakundeen arteko jarduketa- eta koordinazio-protokoloa aktibatzea, biktima, Soraluzekoa izan arren, Euskadin erroldatuta ez dagoelako. Hala ere, Emakunde María Such Palomares Emakumearen Valentziako Institutuko zuzendariarekin harremanetan jarri zen atzo, kasuari buruzko informazioa eta Valentziako erkidegoan hura dela-eta aktibatu beharreko protokoloari buruzko informazioa biltzeko.