Lehendakariak «oso arduratsuak» izatearen eta fiskalitateari buruzko erabakien ondorioak «oso ondo» neurtzearen alde agertu da

0

Lehendakariak gaur fiskalitateari buruzko erabakietan “oso arduratsuak” izatearen eta horren ondorioak oso ondo neurtzearen alde egin du, Euskadik duen egonkortasunaren, adostasunaren, ziurtasunaren eta progresibotasunaren balioa bermatuz. Iñigo Urkulluk ireki du Forbes Summit Reinventing Euskadi topaketa, Bilbon. Jardunaldiak – Arantxa Tapia eta Gotzone Sagardui sailburuek ere parte hartuko dute – EAEko enpresa-sarearen aukerak eta erronkak aztertzea du helburu, osasunari, energiari, industriari eta finantzaketari dagokienez.

Lehendakariak ekin dio hitzaldiari, eta ziurtatu du Euskadiko ekonomia eta enplegua hazten ari direla, nahiz eta nazioarteko koiunturak ziurgabetasun- eta hauskortasun-egoera batean murgildu gaituen, segurtasun-gabeziaren arrisku gero eta handiagoarekin, energiaren prezioen hazkundearekin eta planetaren jasangarritasunean dituen ondorioekin.

Puntu honetan, inflazioak familietan duen eragina errepasatu du batez ere gutxiago dituzten familietan -, euskal enpresa handi, ertain eta txikietan – eta, bereziki, energiako intentsiboenetan -, baita sektore publikoan ere, diru-sarrera gutxiago baititu gero eta gastu handiagoak ordaintzeko.

Egoera horren aurrean, lehendakariak fiskalitateari buruz hartuko diren erabakiei erantzukizunez ekitea defendatu du, eta duela lau urte onartutako eta behar bezala funtzionatzen ari den erreformaren emaitzak zorrotz ebaluatzearen alde agertu da.

“Fiskalitateak, aberastasuna gure errealitatearen eta denbora-testuinguruaren arabera banatzeko politikak, lortu nahi ditugun bi helburuen zerbitzura egon behar du: herritarrentzako funtsezko zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzea; eta ekonomia-jarduera eta enplegu-aukerak sortzea bultzatzea” esan du.

Hitzaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk ziurtatu du Euskadik tresna propioak dituela inflazioaren ondorioak arintzeko eta erantzun koordinatua emateko, eta berriki Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituen Herrialdeko Akordiorako bost proposamenak azaldu dizkie gainerako alderdiei, baita erakunde publikoen eta ekimen pribatuaren artean partekatutako neurri-multzoa ere, “etorkizuneko ikuspegia eta epe ertain eta luzeko estrategia partekatzen jarraitzeko konpromisoa agerian jartzen dutenak, euskal gizartearen elkartasuna eta ongizatea, eta baita munduan ere, bermatzeko”, amaitu du.