UPV/EHUk eta ARASKIk lankidetza-hitzarmena sinatu dute

0

Europako Kirol Astearekin batera, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Araski AES Elkarteak (Arabako Emakumeen Saskibaloia) babesletza akordio bat sinatu dute. Hori dela eta, UPV/EHUk deskontu bat egingo die prestakuntza kategoria batzuei Hezkuntza eta Kirol Fakultatea–Kirol Ataleko kiroldegia erabiltzeko indarrean dagoen tarifan, saskibaloi entrenamenduak egin ditzaten.

Kontratua sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2023ko ekainera arte iraungo du indarrean. Hala ere, kontratua beste ikasturte akademiko batez luzatuko da automatikoki, baldin eta alderdi kontratugileetako batek ere ez badu berariaz kontrakorik adierazten kontratua amaitu baino hiru hilabete lehenago.

Kontraprestazio gisa, Araski AES Elkarteak (Arabako Emakumeen Saskibaloia) UPV/EHUren partaidetzaren berri emango du kontratu honen babesean egiten dituen jarduera guztien publizitatean.

UPV/EHU, Espainiako Unibertsitate Osasungarrien Sareko (REUS) kide den aldetik, kirolarekin konprometituta dago, bizimodu fisikoki aktiboa eta osasungarria sustatzeko funtsezko elementua baita, eta balioei buruzko hezkuntzarako eta sozializatzeko bitarteko gisa. Horregatik, akordio hau sinatuta, “gure ekarpena egin nahi dugu emakumeen kirola bultzatu dadin, ARASKI taldeak emakumeen oinarrizko kirolean egiten duen lan garrantzitsuak aurrera jarrai dezan –azaldu du Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordeak–. Atsegin handiz bat egiten dugu proiektu horrekin; izan ere, nesken artean ohitura osasungarriak sustatzeaz gain, trebetasun sozialak eta balioak garatzen ere laguntzen du, hala nola laguntasuna, berdintasuna, talde lana, iraunkortasuna eta tolerantzia. Emakumeen kirola aitortzeko modu bat da, halaber”.

Iratxe Rodríguez ARASKIko lehendakariak, berriz, bi erakundeen arteko lankidetza aspaldikoa dela gogorarazi du. “ARASKIrentzat oso garrantzitsua da, baita sentimentala ere, UPV/EHUrekin akordioa berriz egitea. Gogora ekartzen digu Araskiren bat-egitearen jatorria, 2010ean, orduan Abaroak eta Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak beren bideak batu baitzituzten”.

“Unibertsitatekoa bezalako instalazio batean harrobiko entrenamendu batzuk bildu ahal izatea luxu bat da guretzat, eta asko errazten du klubaren beraren, entrenatzaileen, jokalarien eta haien familien logistika –adierazi du ARASKIko lehendakariak–. Eskerrak eman nahi dizkiogu UPV/EHUri, urte batzuk geroago batasun hori berriz errealitate bihur dadin erakutsitako prestasunagatik”.