Ertzaintza Euskadiko erakunde nagusiak babesteko lanetan hedatu zenetik 40 urte beteko dira

0

1982ko urrian hasi zen Ertzaintza Euskadin hedatzen, bertako erakunde nagusiak zaintzeko eta babesteko eskumenak bere gain hartu zituenean, eta agenteen lehenengo promozioa erakundeen eraikin enblematikoenetako segurtasun-lanetara bideratu zen. Aurten beteko da Ertzaintzaren gaur arteko ibilbideari hasiera eman zion efemeride haren 40. urteurrena.

1982ko otsaila hartzen da Ertzaintza, gaur egun ezagutzen dugun polizia-kidego gisa, garai demokratikoan sortu zeneko hilabete ofizialtzat. Data horretan sartu zen ikasleen lehenengo promozioa oraindik obratan zegoen eta, Ertzaintza bezala, bere bidea jorratzen hasi berria zen Polizia Akademian; ikasle guztiak gizonezkoak ziren.

Urte horretako urrian, eta Arkauteko Akademian formakuntza eta prestakuntza aldia amaitu ostean, Ertzaintzaren lehenengo promozioko 212 agente egin ziren Euskadiko erakundeen eraikinak zaintzearen kargu. Lehenengo destinoak Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritzaren egoitza, foru-aldundiak, juntetxeak eta Ajuria-Enea, lehendakariaren bizileku ofiziala, izan ziren. 1982ko lehenengo promozio hartako bigarren ertzain talde batek beste hilabete batzuetan trafikoaren eta garraioaren arloko prestakuntza jasotzen jarraitu zuen, eta hurrengo urteko, 1983ko, otsailean Ertzaintzaren lehenengo trafiko-unitateak osatu zituen Euskadiko hiru hiriburuetan.

1980tik berroziak lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza babesten ari ziren

Ertzaintza ofizialki sortu aurretik, agintariak babesteko lanak 1980an hasi ziren, Eusko Jaurlaritzak urte horretan jarri baitzituen martxan berrozien taldea eta taldearen instalazioak izen bereko Arabako herri txikian (Berrozin). Lehenengo berroziak orain dela 42 urte sortu ziren, beraz, lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako kideak babestu beharrak bultzatuta. Denborarekin, Berrozi Ertzaintzako beste unitate bat gehiago izan da.

Berrogei urteren ondoren, Ertzaintzak, polizia integral gisa, bere eginkizunen artean Euskadiko agintari nagusiak babesteko eta bertako eraikin instituzional eta publiko guztiak zaintzeko ardura du. Berroziko basean (Araba) daude “Eraikinen Segurtasunerako Unitatea” eta “Babes eta Segurtasuneko Unitatea” deitzen diren bi taldeak, eta Ertzaintzako 108 eta 136 agente daude, hurrenez hurren, horietara destinatuta.