Hainbat herrialdetako emakume ijitoak Bilbon bildu dira Genero Antigitanismoaren Nazioarteko I. Biltzarrean

0

Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak gaur goizean ireki du Bilbon AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak eta Romi Berriak elkarteak antolatutako Nazioarteko I. Genero-Antigitanismoaren Kongresua. Kongresu horren helburua da hiru egunez ikuspegi feministatik jorratzea antigitanismoa.

Sailburuak zoriondu egin ditu, lehenik eta behin, emakume ijitoak, emakumeen ahalduntzean eta berdintasunean egindako ekarpenagatik eta haien herrian sortzen ari diren eraldaketagatik, eta eskerrak eman dizkie uzten ari diren ondareagatik. Sailburuaren esanetan, “gazteenei uzten diezuen legatu horrek emakumeen prestakuntza, partaidetza soziala eta ahalduntzea indartzen ditu, eta hurrengo ijito-belaunaldiek berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzea bermatzen du”.

Artolazabalen hitzetan, emakume ijitoek diskriminazio anitza jasaten dute “gizarte patriarkal batean emakume izateagatik eta gutxiengo etniko bateko kide izateagatik”, eta aurreiritzi sozialen aurrean, emakume ijitoen aktibismoa funtsezkoa izaten ari dela esan du. Antigitanismoa errealitate bat da gure gizartean, onartu du, eta honek “ijito askori beren oinarrizko eskubideak bete-betean eta eraginkortasunez erabiltzea eragozten die”.

Sailburuak adierazi duenez, “Euskadi gizarte inklusiboa eta kulturartekoa izatea nahi dugu, eta, horregatik, antitanismoaren aurkako euskal itun sozialaren oinarriak adosteko lan egingo dugu”. Horretarako, ziurtatu du “adostasun instituzional, politiko eta sozial zabala bilatuko dela arlo honetan, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri Itunean bilatu dugun bezala”.