Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 30 BOE entregatuko ditu Floreaga auzoan

0
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Visesa eta Alokabide sozietateen bitartez, alokairurako 30 etxebizitza entregatzen hasi da Gipuzkoako udalerriko Floreaga auzoan —babes publiko sozialeko 14 etxebizitza berri alokairuan eta beste 16 salmenta-erregimenean, azken hauek 2020an baino lehen kalifikazioa jaso zutelako, urte horretatik aurrera proiektu guztiak alokairurako kalifikatzen dira—, dagozkien bizikidetza-unitate esleipendunei.

Lau solairu eta erdisotoko beste bi dituzten bi eraikin dira. Erdisoto horietan garaje komun bat egin da.  Biak daude kokatuta garai batean maisu-maistren etxeek okupatu zuten espazioan, Aizkibel kaleko aldapa handiko 1.634 m2-ko partzela batean —bertan lur-erauzketa lanak egin behar izan dira—. Urbanizazio-lanak ere Visesak egin ditu; zerbitzuak instalatu eta kanalizazioak eta espaloiak berritu ditu, edo Salestar Ikastetxeko sarbidea arrapalen bidez hobetu du. Sailak eta Visesak eskerrak eman dizkiote ikastetxeari obraren eta honen afektazioen aurrean erakutsitako jarrera onagatik.

Bi eraikinetako lehenak babes ofizialeko 16 etxebizitza ditu salgai, horietako bost bi logelatakoak (bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua) eta hamaika hiru logelatakoak. Guztiek trasteleku eta garaje atxikiak dituzte —beste bi trasteleku eta bederatzi garaje-plaza daude—. Eraikuntzak ekipamendurako bi lokal ditu kale-mailan. Bigarren eraikinak 14 etxebizitza sozial ditu, atxikitako trasteleku eta garajeekin —baita beste hiru trasteleku eta bost garaje-plaza ere—. Etxebizitza horiek Alokabidek —Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko sozietateak— alokairuan jarriko ditu.

Bi kasuetan, aluminio lakatu grekatuzko txapa eta hormigoi armatu aurrefabrikatuzko panelak erabili dira itxiturak egiteko. Etxebizitza guztiek galdara indibidualizatuak dituzte, aerotermiarekin konbinatuak, aurrez berotutako ur bero sanitarioa ekoizteko. Inbertsioa, guztira, 5,3 milioi eurokoa izan da.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik honako hau nabarmendu du: “Floreagako etxebizitzek bidea irekitzen dute etxebizitza babestuen parke publiko bat izateko Azkoitian. Orain arte bertako parkeak alokairu babestuak izan ditu; eta hori hala izan da, udalerriko herritarrak beraiek inplikatu direlako etxebizitzaren erronkari erantzuten, beren etxebizitza hutsak Bizigune programaren esku utziz. Bide hori erabiltzen jarraitzera animatzen dugu”. Azkoitian, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 61 etxebizitza kudeatzen ditu Biziguneren bitartez, eta herriko 60 gazteren emantzipazioa bultzatu du alokairu libreko errentak ordaintzen laguntzeko Gaztelagun programari esker.

Bi eraikin horiez gain, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila Azkoitian lanean ari da Txalon Errekan alokairuko 40 etxebizitza sozial sortzeko. Sailak hiru lursail erosi dizkio Gipuzkoako herri horretako udalari, eta horietan hiru bloke egingo dira, gutxi gorabehera 5,9 milioi euroko inbertsioarekin, lursailen kostuaren eta eraikinen eraikuntzaren artean.