Urkullu Lehendakaria, Gazteriaren Pirinoiaz Gaindiko II Foroan: zuen esku dago klima-aldaketaren eragina iraultzea eta gure herrialdeak errespetuzko garapen-eredu bihurtzea. Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariaren eta Europako Klima Itunaren enbaxadorearen hitzaldiak ere jaso ziren.

0

Iñigo Urkullu Pirinioetako Lan Elkarteko Presidenteak eta Lehendakariak Hondarribian Gazteriaren II. Foro Transpirenaikoan parte hartzen duen gazte-taldeari esan dienez, “zuok zarete lehenak klima-aldaketak eragindako egoerari buelta ematen eta gure herrialdeak errespetuzko garapen-eredu bilakatzen, eta horrek etorkizuneko belaunaldien ongizatea eta garapen jasangarria bermatuko du”.

Lehendakariak bideokonferentzia bidez parte hartu du, eta bertaratu direnei esan die “garapen jasangarriaren belaunaldiaren ordezkari” direla. “Zuoi dagokizue Nazio Batuek ezarritako helburu hori lortzeko ekimen eta neurriak kudeatzea; guk helburu horrekin bat egiten dugu”.

“Ingurumen-hobekuntza hori lortzeko, gure lurraldeek funtsezko protagonismoa dute. Pirinioez, Vosgeez, Bavariaz, Alpeez, Eskandinaviako Mendiez edo Karpatoez ari naiz, besteak beste; eremu horiek dira interes horren eta leheneratzeko proiektu eta neurrien sustapenerako buruetako batzuk”, esan du.

Urkulluk honako hau nabarmendu du: “mendi inguruetan, klima eta topografia handicap handiak dira garapen ekonomiko orekaturako eta jasangarrirako. Denon eginkizuna da eta zuona, zehazki, egoera hori leheneratzea eta gure lurraldeak errespetuzko garapen-eredu egitea, etorkizuneko belaunaldien ongizatea eta garapen jasangarria bermatuko duena”.

Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin batera, Jean Louis Valls CTPko zuzendaria mota horretako topaketen sustatzaile nagusietako bat da, eta “klima-aldaketaren aurkako ekintzan gazte-ekimenaren” aldeko apustua egin du. “CTPa, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiarekin batera, bete-betean ari da eremu horretan lanean”, esan du. Lidia Martín Velasco Europako Klima Itunaren enbaxadoreak ere mezu-bideo bat bidali dio Foroari, eta, haren bidez, gazte-kolektiboak ingurumen-aldaketak eragindako egoerak gainditzeko lan egitera animatu ditu.

Hondarribiko aterpetxean, Mikel Antón Zarragoitia Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak eta Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusiak gazte-taldeari aitortu dio “Pirinioetako eskualdeetako eta Europa osoko gazteek klima-aldaketaren ondorioen aurrean egiten duten ahalegina«.

“Duela urte batzuk –esan du Antónek–, gizakiok konturatu ginen jarduketa batzuek Lurra suntsitzen zutela; gas kaltegarriz betetzen zutela eta bertako urak eta natura-baliabideak agortzen zituztela. Konturatu ginen geure bizitzarekin amaitzen ari ginela. 2015eko abenduaren 12an, Parisko COP 21 konferentzian, akordio historiko bat adostu zen, klima-aldaketari aurre egin eta karbono-emisio gutxiko etorkizun jasangarria izateko behar ziren ekintzak eta inbertsioak bizkortu eta areagotzeko. Europako gazteek gogoan hartu zuten hori guztia”.

Mikel Antónek Foroko gazte-taldeari gomendio bat egin dio: “konbentzitu zuon gizarte-inguruneak klima-aldaketak baduela konponbidea, eta, egoki planifikatutako jarrera egokia eta bateratua badugu, guztion artean gure planeta urdina berreskuratu ahalko dugula. XX. mendean, Lurrari gizateriaren aurreko historia osoan baino kalte handiagoa egin zaio. Hori hala baieztatu zuen Jaques Cousteauk; era berean esan zuen “gure Lurreko ozeanoak hilko balira, gizateriaren eta animalien amaiera izugarria” izango litzatekeela.

Gazte-eztabaidak

Akitania Berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Andorrako, Aragoiko, Nafarroako eta EAEko hirurogei gazte baino gehiago, egunotan, Hondarribian, klima-aldaketaz eta hari egokitzeaz eztabaidatzen ari dira, Pirinioetako eskualdeetan. Topaketa Gazteriaren II. Foro Transpirenaikoan sartzen da; foroa Pirinioetako Lan Elkarteak antolatu du.

Taldeak, Hondarribiko foru-aterpetxean, klimari buruzko zenbait eztabaida eta proposamen garatu ditu, eta zenbait proiektu aurkeztu dituzte gaur, Gipuzkoako udalerrian izan diren Pirinioetako zenbait erakunde-ordezkariri zuzendutako adierazpenarekin batera.

Gaur arratsaldean, taldea Nafarroako Doneztebe udalerrira joango da, eta, bertan, bizikletaz egingo du Bidasoako Bide Berdea, Lesakaraino. Bihar, igandean, topaketa amaituko da, eta ondorioak irakurri eta proiektuak aurkeztuko dituzte.  Gazteriaren Lehen Foro Transpirenaikoa iaz izan zen, Pueyo de Jaca´n (Huesca).