IKERLAT Polymers euskal ETEaren produktuari esker 150 milioi Covid test egin dira

0
PRUEBA

IKERLAT Polymers Lasarten (Gipuzkoa) kokatutako ETE bat da, eta osasun arloko diagnostikorako testak egiteko lehengaia fabrikatzen du. Bere produktuari esker, Covid-a diagnostikatzeko 150 milioi test egin dira mundu osoan. IKERLATek SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen duen fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzu sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Enpresa hau Donostiako Kimika Fakultatetik ateratako hainbat lagunek sortu zuten 2000. urtean, euren doktoretza tesian argi ikusi baitzuten “bazuela irteera komertziala. Polimeroen uretako dispertsioa egiten dugu, gero osasungintzan erabiltzeko in vitro diagnostikoetan” azaldu dute Joxe Sarobek eta Sergio Rubiok, enpresako zuzendariak eta Berrikuntza eta Garapeneko ikertzaileak.

Hasieran, ospitaleetarako testak egiten zituzten gehienbat, baina denborarekin euren produktua eboluzionatu dute, bai esparru berrietara zabalduz (adibidez proteinen purifikazioa) eta bai atzerriko merkatuak bilatuz.

“22 urte hauetan merkatu-kuota handiagoa lortu dugu eta gure produktuak dibertsifikatu ditugu”. Euren lehengaiari esker, iaz Covid-a diagnostikatzeko 150 milioi test egin ziren mundu osoan, hasi antigeno probetatik eta Covid-a jasan duten pazienteengan bigarren mailako efektuak detektatzeko probetaraino.

“Egiten duguna da monomero bat polimerizatu partikula monodispertsoak sortzeko nanoeskalan, eta gero lehengai bezala erabiltzen dira diagnostikorako kitetan”.

Osasun sektorea

Euren bezeroak osasun sektorean daude nagusiki, Covid-a bezalako gaitzak detektatzeko testak edo haurdunaldi testak fabrikatzen baitituzte, baina badituzte orobat ospitaleetako laborategian analisiak egiteko produktuak. “Oro har, diagnostikorako testak dira. Osasungintzako nitxo batean espezializatu gara, eta litroka fabrikatzen dugu gure produktua, bezeroek sekulako errendimendua ateratzen baitiote: litro batekin gai dira 20.000-1.000.000 kit egiteko”.

Hala, euren produktua eskaintzen diete ospitaleei testak saltzen dizkieten enpresei.

IKERLATek bost lagun ditu plantillan, denak ere kimikako doktoreak. Iaz ia milioi bat euro fakturatu zuten, eta I+G-a funtsezkoa da negoziorako. “Barneko ikerketa eta proiektuak kontuan hartuta, fakturazioaren % 30-40 bideratzen dugu arlo horretara. Eta gehiago ekoiztea ez ezik, gure asmoa da orobat I+G-a handitzea”.

SPRI Taldearen BDIH Konexio programako laguntzarekin produktuaren nanoeskalako ezaugarriak zehaztu dituzte, partikulen konposizio zehatzagoaren ezaugarriak finkatzeko. “Baliagarri izan da produktua hobetzeko, eta merkatuan dago jadanik. CIC nanoGUNErekin lan egin dugu, zeinak aukera eman baitigu guretzat oso garestiak eta eskuraezinak diren ekipoekin ikertzeko.  Argi eta garbi ikusi dugu teknologi zentro horiek hurbilago daudela merkatutik”.

Etorkizuneko erronketako bat da euren instalazioak zabaltzeko lanak amaitzea,  azalera handiagoa izateko produkzioko laborategientzako eta I+G sailerako. “Inbertsio handia egin dugu. Orain gai izango gara proiektu berriei ekiteko, produkzioko gaitasuna handitzeko eta gehiago nazioartekotzeko: une honetan atzerrian daukagu fakturazioaren % 15. Eta saiatzen ari gara Txina bezalako herrialdeetan”.

Etorkizuneko produktuei dagokienez, lanean dabiltza ANDa eta ARNa erauzteko partikula magnetikoekin, zelulen bereizketarekin edo proteinen purifikazioarekin. “Covid-a zela eta, Carlos III Institutua gurekin harremanetan jarri zen, eta gure produktuetako bat baliozkotu zuen ARN erauzteko sistema automatizatuetarako. Mundu mailako eskaera hain zen handia, Estatuko merkatua hornitzen zuten multinazionalak stock-ik gabe geratu zirela, eta gure partikula magnetikoak baliozkotuta lortu zen une hartako eskaerari erantzutea”.